Orio tentsio handiko eremu izendatzeko prozesua abiatzea onartu du Eusko Jaurlaritzak

Onintza Lete Arrieta 2026ko uztailaren 16a

Orioko herrigunearen zati bat, errioz bestaldetik. (Onintza Lete Arrieta)

Jaurlaritzak iaz sartu zuen herria eremu tentsionagarrien zerrendan, eta besteak beste, Orioko Udalak herriko etxebizitza merkatuaren egoeraz egindako diagnostikoa hartu du kontuan prozesua abiatzea onartzeko. 

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak iazko maiatzean aurkeztu zuen Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eremu tentsionatu izendatu daitezkeen udalerrien zerrenda eguneratua, eta Orio txertatu zuen bertan. Ordutik, hainbat urrats eman ditu udalak –aurtengo otsailean eskatu zion udalbatzak Jaurlaritzari prozesua abiatzeko– eta orain, Orio tentsio handiko eremu izendatzeko prozesua abiatzea onartu du  Jaurlaritzak. Ebazpena gaur, uztailaren 16an, argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Plana jendaurrean jarri dute, eta herritarrek hogei eguneko epea izango dute alegazioak aurkezteko.

Epea amaitutakoan, eta alegazioak aztertu ondoren, behin betiko erabakia hartuko du Jaurlaritzak, eta izendapena indarrean sartzen denean, Etxebizitzarako Eskubidearen Legeak aurreikusitako neurriak aplikatu ahal izango dira Orion. Estatuko araudiak hiru urteko indarraldia aurreikusten du mota horretako izendapenetarako.

Tentsio handiko eremu izendapenaren helburua zera da, alokairu prezioen igoeraren aurrean erakundeek esku hartu ahal izatea. Espainiako Kongresuak 2023an onartu zuen Etxebizitza Legeak jasotzen du alokairuen prezioen igoera balaztatzeko neurri hori.

Eman beharreko pausoen artean dago herriko etxebizitza merkatuaren egoerari buruzko diagnostikoa aurkeztea, eta hori kontuan hartuta hasi dute prozesua. 

Eskualdean beste hainbat udalerri

Eskualdean eginda dute eskaera bera Azkoitiak, Zestoak eta Zumaiak, eta Getaria ere prozesuan murgilduta dago. Zestoak eta Zumaiak izendapena badute jada, eta Zarautz ere eskaera egin dezaketen udalerrien zerrendan sartuta du Jaurlaritzak. 

Hain zuzen, Zumaia izan zen eskualdean izendapena jasotako aurreneko udalerria. Izan ere, 2025eko irailean, bost ziren Gipuzkoan tentsio handiko eremu izendatutako herriak, eta horien artean zen Zumaia –gainerakoak Donostia, Irun, Errenteria eta Lasarte-Oria izan ziren–. Apirilean argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzak Zumaiak Bizitegi Merkatu Tentsionatutako Gune bihurtzeko alegazio prozesua gainditu zuela, eta horren ostean jaso zuen izendapena. Udalak 2024ko otsailean eskatu zuen herria tentsiopeko eremu izendatzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide