Etxeko estropaden atarian, Orioko bi traineru nagusietako giroa zein den jakin nahi izan du Gukak. Hala, Xanti Zabaleta emakumezkoen entrenatzaileak nabarmendu du "etxeko bandera jokatzen denez, estropada ona egitea" gustatuko litzaiekeela, baina argi utzi nahi izan du horrek ez duela bandera irabaztea esan nahi: "Paper ona egin nahi dugu, baina gure mugen barruan, jakinda non gauden une honetan eta zer norabide daramagun; hiru jardunaldi jokatu ditugu, eta denetariko emaitzak eduki ditugu, bai oso onak, bai oso txarrak. Taldea berri samarra da eta irregulartasun horiek agertzen joango dira denboraldian zehar, beraz ea Orion maila polita eman dezakegun".
Orain arteko estropadak ikusita, Zabaletak azaldu du "nabarmena" dela Orio errioetan eta urtegietan "askoz hobeto ibili" dela itsasoan baino. "Oraindik itsasoan ordu asko ibili beharra dugu, baina beldurrik ez dugu han lehiatzeko ere". Hemeretzi arraunlari eta bi patroi daude taldean; batzuk oso-oso gazteak dira oraindik, beste batzuk beteranoak dira jada, eta "taldea egonkortzea" da Zabaletaren nahia, baita sailkapenean beren tokia aurkitzea ere. Bide horretan, "arraunlari bakoitzak bere funtzioa" duela nabarmendu du entrenatzaileak, arrauna talde lana delako.
Herritarren babesa sentitzen duten galdetuta, gustura da Zabaleta: "Herritarren hauspoa sumatu dut eta ilusioa sortzen ari garela uste dut, nahiz eta jakitun diren zein den gure egoera teknikoa eta zer maila dugun. Herria gure egoeraren mailan dagoela uste dut; ez digu eskatzen maximoa, baina bai saiatzea, eta gu ari gara ahalegin hori egiten. Herriaren eta taldearen artean kohesioa dagoela uste dut".
Irabaztera bai bihar, bai etzi
Jon Lizarralde Altxerri gizonezkoen taldeko arraunlaria da, etxekoa, eta horregatik, igandeko bandera "berezia" dela azpimarratu du. "Balio aldetik ez da beste estropada bat baino gehiago, 12 puntu eskuratuko genituzke berdin-berdin, baina batez ere etxekoak garenontzat beti da berezia Oriokoa".
Gogoratu du oro har "gaizki eman" izan zaiela estropada hori, baina iaz lortu zuten bandera irabaztea, eta aurten helburu bera izango dute: "Iaz arantzatxoa atera genuen, baina ahaztu dugu jada, eta aurten ilusio berarekin edo gehiagorekin lehiatuko gara", aitortu du. Beste taldeak "borrokarako" ikusten ditu, baina berak argi du: "Gu asteburuko bi banderak irabaztera aterako gara".
Iaz itsaso zakarra egokitu zen, eta horrek ikuskizuna are politago egin zuela uste du Altxerrik, traineruen artean denbora tarte handiak sortu zirelako. Aurten itsasoa bareago egotea aurreikusten dute, baina hala ere eremu konplikatua dela uste du arraunlariak, alboko olatuekin; "bihurri jartzen denean alde guztietatik sartzen dira olatuak, eta nahiko desatsegina izaten da".
Taldeari dagokionez, irabazteko gogoz ikusten ditu kideak, eta taldekide guztien kalitatea eta maila altua nabarmendu ditu. "Traineruan aldaketa asko eginda ere oso maila ona ematen dugu, nahiz eta, normala den bezala, denboraldi hasiera honetan gauza asko ditugun hobetzeko. Akatsetatik ikasi eta hobetu nahian ari gara, eta larunbatean irabaztera aterako gara, eta igandean ere bai".