Orioko udalbatzarrak

Sei erronka nagusi izango ditu Emakume eta Gizonen Berdintasunerako III. Planak

Julene Sorarrain 2026ko ekainaren 26a

Ohiko bilkura egin zuten atzo udaletxean, eta aho batez onartuta geratu da Emakume eta Gizonen Berdintasunerako III. Plana. Harreman osasuntsuetan oinarritutako herri proiektua garatzea du helburu plan horrek, baita herri mailako ardura eta konpromisoa lortzeko estrategia bateratua eraikitzea ere.

Ekaineko ohiko bilkura egin zuen atzo iluntzean Orioko udalbatzak, udaletxeko batzar aretoan. Hainbat gai jorratu zituzten, tartean 2026-2029 aldirako Emakume eta Gizonen Berdintasunerako III. Plana. Proposamena aho batez onartu zuten. Plan horrek, hain zuzen ere, udalaren berdintasun arloko estrategia eta jarduera ildo nagusiak jasotzen ditu.

Hirugarren plan horrek, ordea, ekintzak diseinatu eta ebaluatzerakoan, Orioko emakumeen aniztasuna eta diskriminazio anizkoitzeko egoerak hartuko ditu kontuan. Horretarako, egokia eta posible denean, sexuaz gain, adina, jatorria, desgaitasuna, egoera sozioekonomikoa, familia egoera, sexu orientazioa, genero identitatea, mendekotasuneko zaintza egoera eta bestelako ardatz esanguratsuak ere aztertuko dituzte.

Gainera, hirugarren plana "egoera berri baten barruan" osatu dela azaldu zuten. Izan ere, iazko irailetik Berdintasun eta Hezkuntza Saila dago udalean, eta horrek "berdintasunaren arloko egoera erabat aldatu" duela nabarmendu zuten bilkuran. Hain zuzen ere, Saioa Iraola Berdintasun eta Hezkuntza teknikariak Bizitza askeak plazer proiektua landu du plana egituratzen ari ziren bitartean. Proiektu horren bidez, herriari "norabide berean arraun egiteko horizonte komunikatibo, sinboliko eta praktiko bat" eskaini nahi diote. Harreman osasuntsuetan oinarritutako herri proiektua garatzea du helburu, baita elkarbizitza ona sustatzeko herri mailako ardura eta konpromisoa lortzeko estrategia bateratua eraikitzea ere.

Hori horrela, sei erronka nagusi zehaztu dituzte 2026-2029 aldirako berdintasun planaren barruan. Lehenengoa zeharlerrotasunean aurrera egitea izango da, hau da, udaleko langileen eta ordezkari politikoen gaitasuna indartzea, genero ikuspegia beren jardunean modu sistematikoan txerta dezaten. Bigarren erronka Zaintza, Hezkidetza eta Emakume Mahaien egonkortasuna eta koordinazioa sendotzea izango da. Hirugarrena, berriz, kirolean ongizatea sustatzeko eraldaketa prozesuak bultzatzea izango da, Orio Arraunketa Elkartetik abiatuta eta gainerako elkarteetara zabalduz.

Laugarren erronka Orioko emakumeen ahalduntze pertsonal, kolektibo eta soziopolitikorako espazioa den Saregile emakumeen etxea zabaltzea eta egonkortzea izango da. Bosgarrena, Bizitza askeak plazer estrategiaren garapenean sakontzea izango da, besteak beste, herritarrak eta herriko eragileak berdintasunaren inguruan sentsibilizatuz eta indarkerien prebentzioa landuz. Seigarren eta azken erronka, berriz, Oriok herri zaintzaile baterantz egiten duen bidean aurrera jarraitzea izango da, pertsonetan oinarritutako zaintza ekosistema berri bateranzko trantsizioa sustatuz.

Orion ibilgailu elektrikoak kargatzeko aukera, laster

Ekaineko bilkuran landutako beste puntu esanguratsuetako bat herrian ibilgailu elektrikoak kargatzeko sare publiko bat instalatu eta mantentzeko emakida kontratuaren esleipena izan zen. Hain zuzen ere, martxoko bilkuran eman zuen udalak proiektu horren berri. Aurreikusitakoaren arabera, lau karga puntu jarriko dituzte: bi udal kanpinaren aurreko aparkalekuan eta beste bi Mendibeltz futbol zelaiaren ondoko aparkalekuan.

Atzo jakinarazi zutenez, lizitaziora eskaintza bakarra aurkeztu da, eta baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatu ostean, Eranovum E-mobility 101 SL enpresari esleitu diote sare publikoa instalatu eta mantentzeko ardura. Emakida hamar urterako izango da, baina kontratua beste bost urtez luzatzeko aukera ere aurreikusi dute.

Ondoren, Lohitzune Solabarrieta (EH Bildu) zinegotziak proiektuaren inguruko azalpenak eman zituen. Haren esanetan, "lizitazio hau ez dugu ekintza isolatu gisa planteatu, energia trantsizioaren barruko urrats gisa baizik". Gogorarazi zuenez, azken urteotan hainbat neurri hartu ditu udalak arlo horretan, hala nola eraikin publikoetan eguzki plakak jartzea, argiteria publikoa hobetzea eta duela hilabete gutxi komunitate energetikoa aurkeztea.

"Orain, erregai fosiletatik energia berriztagarrietarako trantsizioan beste aurrerapauso bat emango dugu", adierazi zuen. Era berean, nabarmendu zuen herritar askok ez dutela ibilgailu elektrikoa erosteko pausoa ematen kargatzeko azpiegiturarik ez dutelako eskura. "Bisitariek ere karga puntuak izatea onuragarria izango da herriarentzat, eta horregatik atera dugu lizitazioa", gaineratu zuen.

Azkenik, Solabarrietak argitu zuen proiektuak ez diola kosturik eragingo udalerriari, eta datozen hilabeteetan haren funtzionamenduaren jarraipena egingo dutela, emaitzak eta erabilera maila baloratzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide