Albistegia

Festa eta aldarria bat Errefuxiatuen Munduko Egunean

Onintza Lete Arrieta eta Urtzi Oteiza 2026ko ekainaren 20a

Herriko Plaza errefuxiatuen bozgorailu bihurtu da gaur eguerdian, eragile askok babestu dutelako Guerara eta Orio-Palestina taldeek antolatutako eguna. Herriko txarangak eta trikiti taldeak nahiz Salatxo eta Eresmin abesbatzek jarri dute alaitasuna; saharar baten testigantzak eta eragileek, aldarrikapena. 

Ekainak 20 ditu gaur, Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna da, eta Orion, aurreneko aldiz bat egin dute egun horrekin. Guerara Oriok eta Orio-Palestina taldeek antolatuta, festa eta aldarrikapena uztartu dituzte gaur eguerdian Herriko Plazan.

Zaporeak, Harrera Sareak eta Ukraina-Euskadi elkarteek mahai informatiboak jarri dituzte, haurrek marrazkiak eta txapak egiteko aukera izan duten Gukaren eskutik, eta nahi zuenak tea hartu du bertan zabaldu duten haiman. Orioko Txarangak aurrena eta Salatxo eta Eresmin abesbatzek gero kaleak alaitu dituzte, baita Orioko Trikiti Taldeak ere bazkalaurrean. Nahi zuen oro gelditu da gero bertan bazkaritan, dilista jana egiten. 

12:00etan puntuan, Orion bizi den saharar errefuxiatu batek bere testigantza eman du guztien aurrean, eta ozen esa du denak elkartzeko eguna iristea nahi duela, ez Errefuxiatuen Eguna ospatzeko, "baizik eta errefuxiaturik ez dagoen mundu batean bizi garela ospatzeko". Mundu horretan "gizaki bakoitza bere lurraldean segurtasunez eta duintasunez bizi ahal izango" dela azpimarratu du.

Gaurko egunean gogoan izan dute "haurtzaroa gerrak markatu dion haur bakoitza, egoera zailetan familia babesteko borrokatzen den ama bakoitza, etxea edo bizilekua galdu duen aita bakoitza eta erronka handiak izan arren etorkizun hobea eraikitzen saiatzen den gazte bakoitza".

Benetako ospakizuna noiz iritsiko den ere esan du: "Askatasuna, justizia eta bakea eskubide errealak eta guztiontzat eskuragarriak izango diren eguna izango da ospatzeko eguna". 

Antolatzaileak, berriz, gustura agertu dira gaurko egunak eragileen artean izan duen harrerarekin, baita astean zehar egin dituzten hitzaldiek eskainitako testigantzekin ere. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide