Egun borobila izan da gaurkoa Orioko eskubaloiarentzat. Familien arteko partidak jokatuz hasi dituzte V. Eragin Eguneko ekintzak arratsaldean Karela kiroldegian, eta jokoekin jarraitu dute gero Herriko Plazan. Hantxe izan da egunari distira berezia eman dion ekintza: Maria Zaldua eskubaloi jokalariari omenaldia. Iberdrola ligako jokalari onena izendatu dute oriotarra, eta lagunek harrera egin diote, ezustean. Loreak eta bertsoak koadroan sartuta eman dizkiote kuadrillakoek, eta Orio Eraginek elastiko bat oparitu dio Zalduaren izen eta zenbakiarekin, 31rekin. Jon Alkain dantzariak aurreskua eskaini dio, baita txapela jantzi ere, eta herritar bat baino gehiago hunkitu da, baita Zaldua bera ere.
Ondoren, festak Ikastolako pergolan jarraitu du, afaritan 170 lagun elkartu baitira. Bide Batez erromeria taldearen emanaldiarekin, festa giroan amaitu dute eskubaloiaren eguna.