Maria Zaldua izendatu dute Iberdrola ligako denboraldi honetako jokalari onena. Hala, XVI. Trofeo Vicen Muñoz saria jaso du Rocasa Gran Canariako eskubaloi jokalari oriotarrak.
Sarirako beste hautagaiak Bera Bera taldeko Elba Alvarez eta Rocasako Silvia Navarro taldekidea ziren, baina Zalduak lortu du boto gehien –entrenatzaileek ematen dute saria–. 24 urteko piboteak sekulako denboraldia egin du, izan ere. Saria eman diotenek ohar bidez nabarmendu dute "denboraldiko protagonista handietako bat" izan dela, eta Rocasaren liga tituluari egin dion ekarpena "erabakigarria" izan dela. Rocasak liga titulua eskuratu du finaleko bi partidetan Bera Bera garaitu ondoren.
Zalduaren taldeak sare sozialetan azpimarratu du denboraldi bikaina egin duela Zalduak, lidergoa, gaitasuna eta erregulartasuna erakutsita, eta "oso harro" dagoela jokalariaz; "merezitako aitortza da".