Anjel Larrañaga: "Sufritzea tokatuko zaigu, baina maila polita eman dezakegu"

Intza Trula 2026ko ekainaren 18a

Anjel Larrañaga, Orioko Arraun Elkartean. (Intza Trula)

Jaitsiera postuetatik urrun ibili nahi du Anjel Larrañagak (Tolosa, 1967) Orio B-rekin. Entrenamenduak "oso ondo" atera direla dio; asteburuan denboraldia hasteko prest daude.

Goren-gorenean agurtu zenuten joan den denboraldia, KAE 1 mailarako igoera lortuta. Aparteko ilusioarekin heldu al diozue sasoi honi?

Denboraldi guztiak ezberdinak dira, eta ezin dugu azkenengo sasoian egindakoaren arabera jokatu. Egia da joan den denboraldian, KAE 2 ligan, maila zertxobait txikiagoa zela eta guk talde oso polita genuela. Beste klubek utzitako arraunlari batzuekin aritu ginen eta oso indartsu geunden. Oso ondo atera zitzaizkigun gauzak, denboraldi polita izan zen. Goiko mailara salto egiteko aukera eman zigun horrek, baina aurten lehiakide gogorragoak izango ditugu. Aurkari gehienak gora begira egongo dira, dena emango dute, eta gu, azken finean, harrobiko taldea gara. Jauzia nabaritu egingo dugula uste dut, eta aurtengoan sufritzea tokatuko zaigula, baina maila polita eman dezakegu.

Orio B 2024an lehiatu zen azken aldiz KAE 1 ligan, baina ez zuen maila mantentzerik lortu. Zer egingo duzue desberdin aurtengo denboraldian emaitza hobea izan dadin?

Helburuak urteroko bera izaten jarraituko du: hau da, maila batean ala bestean egon, ahalik eta goren amaitu nahi dugu sailkapenean. Aurreko urtean genituen arraunlari batzuk taldea utzi dute aurten, beste batzuk senior mailara igo dira, eta horrek ere eragina izango du gure traineruan. Harrobikoak dira aurten plantillara batu diren guztiak. Alegia, kontziente gara borrokatzea tokatuko zaigula, mailari eutsi nahi badiogu.

Entrenamenduetan, zertan jarri duzue arreta berezia?

Entrenamenduen dinamika ez dugu aldatu mailaz igo garen arren. Oinarria landu dugu azken hilabeteotan, eta esango nuke horri eman diogula garrantzia gehien. Horretaz aparte, gainerako traineruen lehiakortasun mailara iristeko serieak ere landu ditugu.

Hilabeteak daramatzazue lanean, eta denbora izan duzu taldea aztertzeko. Prest ikusten al duzu trainerua KAE 1 mailan lehiatzeko?

Maila eta erritmoa beste taldeek jarriko dituzte. Sailkapeneko azkenengo postuak ahalik eta urrunen edukitzen saiatu behar dugu, nahiz eta badakigun zaila izango dela. Hondarribia kenduta, gainerako traineru guztiak beren klubetako talde nagusiak dira, eta hori ere kontuan izan behar dugu. Izan ere, horrek esan nahi du esperientzia dutela, gure traineruko arraunlari askok ez dutena, agian.

Ausartzen al zara esatera sailkapenaren goialdean edo behealdean ibiliko zareten?

Ez dit axola erdiko txandan mantentzen bagara, baina ez nuke nahi denboraldi osoa azken postuetan sartuta ibiltzea.

Zer moduz ari dira moldatzen taldera iritsi berri diren arraunlariak taldekide beteranoekin?

Erdiek elkar ezagutzen dute gazte-gaztetatik, eta horrek asko errazten ditu lanak. Ezaugarri asko dituzte komunean, eta harreman ona dute. Alde horretatik, talde polita osatu dugula iritzi diot.

Zein izango dira zuen aurkari zuzenak aurten?

Gipuzkoako taldeei dagokienez, Zarautz ondo ibili beharko litzatekeen taldeetako bat da, eta Zumaiari egonkortasun pixka bat falta zaiola uste dudan arren, ez dira batere urruti ibiliko. Bizkaiko traineruei dagokienez, ikusi egin beharko dugu Kaikuk zer duen eskaintzeko, eta Deustu ere indartsu ibiliko dela uste dut.

Zein izango dira estropadarik garrantzitsuenak zuentzat?

Estropada guztiak dira garrantzitsuak, eta banan-banan joan behar dugu. Kontuan izan behar dugu, gainera, gazte hauetako askok lanagatik edo beste arrazoi batengatik ezin izango dutela estropada guztietan egon; horregatik, txalupa osatzea eta lehiatzera ateratzea izango da erronka handiena.

Asteburua heltzear da, eta horrekin batera denboraldiko lehen estropada jokatuko duzue. Urduri al zaudete?

Arraunlariek lehiari beldur apur bat diotela sumatzen dut, baina azken bi asteetako entrenamenduak oso-oso ondo atera zaizkigu, eta badakit uretan lan hori islatzeko gai izango direla.

Joan den denboraldian Orioko zaleen babes ikaragarria jaso zenuten. Herriaren bultzada iaz baino garrantzitsuagoa izango al da aurten?

Joan den denboraldian sekulakoa izan zen oriotarren babesa. Lehen taldeak ere denboraldi ikaragarria osatu zuen, eta oro har, jendearen bultzada handia izan genuen arraunlariok urte osoan. Aurten ere horrela izatea beharko dugu, eta badakigu ondoan izango ditugula, Orion ez baitago arazorik alde horretatik.

Urteak daramatzazu talde hau gidatzen. Zerk bultzatzen zaitu jarraitzera?

Dakidana erakustea gustatzen zait. Goi mailako talde bat gidatzeko beste esperientzia bat behar da, eta nik ez dut nire burua horretarako prest ikusten une honetan. Ondo moldatzen naiz gazteekin, gozatu egiten dut.

Beste urte batez, bi traineru izango dituzte Orioko gizonek uretan. Pozgarria da hori klubarentzat, ezta?

Urteroko borroka da, ez baita gauza erraza beste txalupa bat osatzea eta hori denboraldi osoan mantentzea. Guk lortu dugu berriro, eta oso pozgarria da. Harrobia lantzen jarraitu behar dugu, erreleboa ziurtatzeko.

Denboraldiaren atarian, zein mezu eman nahi diezu zure arraunlariei?

Denboraldiaz goza dezatela eta ahal duten guztia eman dezatela. Ikasitakoa erakusteko unea iritsiko da asteburu honetatik aurrera, eta urduritasuna alde batera utzi behar dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide