Apirileko ohiko udalbatzarra egin zuten atzo arratsaldean Orioko udaletxean. Bederatzi puntu jasotzen zituen eguneko gai ordenak, baina horietatik bi, kreditu aldaketa bat eta 2026-2027 dirulaguntzen plan estrategikoa, gai zerrendatik atera eta mahai gainean uztea erabaki zuten bi alderdiek. Hala, bilkurako gai garrantzitsuena Andra Mari eremua, Orioko osasun zentroa eta kiroldegi artekoa, antolatu eta berrurbanizatzeko obrak gauzatzeko baldintza administratiboen eta baldintza teknikoen agiriak aztertzea eta onartzea izan zen.
Udal idazkariak jakitera eman zuenez, aipatu gaia martxoaren 27an egindako tokiko garapeneko batzorde informatzailean aztertu zuten. Inguru horren berrurbanizazioa Enric Mas eta David Camacho arkitektoek diseinatutako Atzera begiratu aurrera egiteko proiektuan oinarrituta egingo dute, eta lan horiek gauzatu ahal izateko diru kopurua, gehienez, 2.780.679,51 eurokoa izango da.
Berrurbanizazio lanak finantzatu ahal izateko, bilkuran bertan, 4. puntuan, kreditu konpromiso bat onartu zuten zinegotziek. Haren arabera, Orioko Udalaren altxortegiko gerakinen bidez finantzatuko litzateke, bi ekitalditan banatuta, 2026an eta 2027an, alegia.
Udalbatzarrean esan zen, baita ere, lanak egiteko epea hamar hilabetekoa izango dela behin kontratua sinatu ondoren.
Aho batez
Proposamena aho batez onartu zuten bilkuran izan ziren hamabi zinegotziek. Behin bozketa egin eta gero, Lohitzune Solabarrieta (EH Bildu) zinegotziak hartu zuen hitza. Gogoratu zuen, ingurune horren berrurbanizazioari lotuta, ideia lehiaketa abiatu zuela Orioko Udalak 2024ko azaroan, eta bozketaren emaitzaren arabera, eta irizpide teknikoak kontuan hartuta, aurrez aipatutako proiektua aukeratu zutela. Azpimarratu zuen, proiektu hark, ingurunea berrantolatzeaz haratago, klima aldaketari aurre egiteko baldintzak ere eskaintzen zituela. Proiektuaren egile Enric Mas eta David Camachorekin ere elkartu zirela azaldu zuen zinegotziak, "gure ideiak eta gure beharrak azaltzeko".
Udal ordezkariekin bakarrik ez, arkitektoak herritarrekin eta erabiltzaileekin bildu zirela ere nabarmendu zuen Solabarrietak. "Bilerak izan genituen denok batera, eta bizilagunen eta erabiltzaileen beharrak entzun genituen". Proiektua behar horietara egokitu dela ere azaldu zuen, eta hori dela azken hilabete hauetan egindako lanketaren arrazoia.
Duela bi hilabete berriro inguratu ziren arkitektoak Oriora, eta bizilagunekin eta erabiltzaileekin bakarrik ez, herritar gehiagorekin ere bildu ziren, haien beharrak entzuteko, eta proiektuari azken ukituak emateko.
Lanek denbora beharko dutela ere adierazi zuen zinegotziak, eta iraungo duten hilabeteetan erabiltzaile zein bizilagunekin bilerak izateko prestutasuna erakutsi zuen.
Ordenantzetan aldaketak
Gai gehiago ere landu zituzten udalbatzarrean. Hala, arratseko zazpigarren puntuan Danbolin musika eta dantza eskolako eta Karela kiroldegiko ordenantzak aldatzea onartu zuten batzarkideek. Beste puntu guztietan gertatu bezala, erabakia aho batez hartu zuten bildutako udal ordezkariek.
Kiroldegiko ordenantzei dagokienez, EAJko zinegotzi Noemi Ostolazak aipatu zuen ordenantza aldaketa horiek ez dutela eragingo kirol txartelean, eta gaineratu zuen “kirol txartelaren planteamendua ez partekatzeaz gain, hori aktan jasota gelditzea" nahiko luketeela.