Erreportajeak

Puntako boxeo jaialdiaz gozatu dute Orion zaleek

Maddi Txintxurreta 2026ko martxoaren 23a

Gipuzkoako Boxeo Txapelketako finalak jokatu zituzten atzo, igandez, Orioko Karela kiroldegian. 300 pertsona inguruk gozatu dute ikuskizunaz harmailetatik.

Gipuzkoako boxeoan maila handia dagoela erakutsi zuten atzo, igandea, Orion lehiatu ziren borrokalariek, eta zaletasuna bizi dagoela demostratu zuten Karela kiroldegiko harmailetatik ikuskizunaz gozatu zuten 300 pertsonek. Gipuzkoako Boxeo Txapelketako finalak jokatu zituzten, eta emaitza onak lortu zituzten etxeko boxeolariek: Orioko Box&Roll taldetik lehiatu diren hirutik bik irabazi zuten, Diego Duranek eta Eneko Gaztañagak; aldiz, Joanes Arrietak ezin izan zuen aurkaria garaitu. Halaber, garapena lortu zuen eskualdeko laugarren ordezkariak, Zumaiako klubeko Jesus Magnavyk.

Diego Duranek borrokaldi estua jokatu zuen Alex Buneskuren aurka (Irungo Resiliens kluba), baina azkenean, Box&Roll taldekoaren ukabila altxatu zuen epaileak. Jesus Magnavy 60 kiloko elite kategorian lehiatu zen, eta Oinatz Arean (Latigo taldea) garaitzea lortu zuen. Eguneko emaitza gazia Joanes Arrietarena izan zen: Orioko taldekoak 75 kiloko kategorian jokatu du, eta galdu egin zuen Robell Batistaren aurka (Donostiako Anoeta boxeo eskola). Bestalde, Eneko Gaztañagak garaipena erdietsi zuen 80 kiloko elite kategorian Marko Sortinoren aurka (Sorabox, Soraluze).

Gipuzkoako Txapelketako Finala irabaztea lortu zuten boxeolariek maiatzean jokatuko duten Euskadiko txapelketarako txartela lortu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide