Giroa bero izan da gaur goizean Orioko Karela kiroldegian, ringean zein harmailetan. Gipuzkoako Boxeo Txapelketa jokatu dute bertan; hamar borrokaldi izan dira guztira, eta emaitza onak lortu dituzte etxeko boxeolariek: Orioko Box&Roll taldetik lehiatu diren hirutik bik irabazi dute, Diego Duranek eta Eneko Gaztañagak; aldiz, Joanes Arrietak ezin izan du aurkaria garaitu. Halaber, garapena lortu du eskualdeko laugarren ordezkariak, Zumaiako klubeko Jesus Magnavyk.
Boxeolari juniorren eta gazteen arteko borrokaldiarekin hasi da ekitaldia, eta finaleko emakumezko borrokalari bakarrak igo dira gero ringera, Nuria Ariztimuño (Anoeta) eta Alazne Mancha (Sorabox). Atzetik, gainontzeko borrokaldiak jokatu dituzte, bost kiloka antolatutako kategorien arabera. Juniorrek bi minutuko hiru round jokatu dituzte borrokaldi bakoitzean, eta gainontzekoek hiru minutuko hiru round.
Diego Duranek borrokaldi estua jokatu du Alex Buneskuren aurka (Irungo Resiliens kluba), baina azkenean, Box&Roll taldekoaren ukabila altxatu du epaileak. Jesus Magnavy 60 kiloko elite kategorian lehiatu da, eta Oinatz Arean (Latigo taldea) garaitzea lortu du. Eguneko emaitza gazia Joanes Arrietarena izan da: Orioko taldekoak 75 kiloko kategorian jokatu du, eta galdu egin du Robell Batistaren aurka (Donostiako Anoeta boxeo eskola). Bestalde, Eneko Gaztañagak garaipena erdietsi du 80 kiloko elite kategorian Marko Sortinoren aurka (Sorabox, Soraluze).
Gipuzkoako Txapelketako Finala irabaztea lortu duten boxeolariek maiatzean jokatuko duten Euskadiko txapelketarako txartela lortu dute.
Federazioa nahiz boxeolariak, gustura
300 pertsona inguruk bete dituzte Karela kiroldegiko harmailak, eta gustura agertu da Libana Taboada Gipuzkoako Boxeo Federazioko presidenteordea. "Maila polita egon da, eta herriko goxotasuna ere igarri dugu", adierazi du.
Eneko Gaztañagak, halaber, aitortu du borrokaldi "gogorra" izan duela gaurkoa, baina garaipena lortuta, lanean segituko duela esan du. Euskadiko txapelketan maila ona ematea du helburu.