Orioko Udalak herritarrentzako komunitate energetikoa jarriko du martxan, Goienerrekin elkarlanean

Onintza Lete Arrieta 2026ko otsailaren 25a

Bi langile, atzo, eguzki plakak jartzeko lanetan, Karela kiroldegiko teilatuan. (Onintza Lete Arrieta)

Martxoaren 5ean eta 13an bilera irekiak egingo dituzte proiektua herritarrei azaltzeko, baina aurreratu dute 150 etxebizitza eta merkataritza lokal inguruk jasoko dutela eguzki plaken bidez sortutako energia, eta herritarrek ez dutela hasierako inbertsiorik egin beharko. Jada hasi dituzte eguzki plakak jartzeko lanak kiroldegiko teilatuan. 

Orioko Udalak herrian komunitate energetiko bat martxan jartzeko proiektua abiatu du, Goienerrekin elkarlanean. Helburua Orioko etxebizitzei energia berriztagarria eskuratzeko aukera erraztea da, herrian bertan sortutako eguzki-energiaren bidez. Egin dituzten kalkuluen arabera, Orioko 150 etxebizitza eta merkataritza lokal inguruk jasoko dute eguzki-plaken bidez sortutako energia fotovoltaikoa.

Proiektua gertutik ezagutzeko eta zalantzak argitzeko, udalak bi bilera ireki antolatuko ditu, aurrenekoa martxoaren 5erako, eta bigarrena, martxoaren 13rako. Izena emateko epea martxoan bertan zabalduko du.

Dena den, udalak dagoeneko jakinarazi ditu hainbat datu garrantzitsu. Batetik, azaldu du udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza jaso duela kiroldegiko kantxan 100kW-ko instalakuntza egiteko, eta beraz, herritarrek ez dutela hasierako inbertsiorik egin beharko. Funtzionamendua harpidetza bidezkoa izango dela ere esan du, eta kuota baten truke energia-pakete bat eskuratuko dutela komunitateko kide diren etxebizitza eta establezimenduek, ohiko elektrizitate-fakturan aurrezpena eragiteko.

Proiektuak ikuspegi soziala duela esan du udalak, eta lehentasunezko profil batzuk ezarriko direla, hala nola, Pobrezia energetikoari aurre egiteko laguntza jasotzen duten herritarrak; Alde Zaharreko bizilagunak, eguzki-plakak instalatzeko mugak dituztelako eta herrian pobrezia-tasa handiena duen eremua delako; eta merkatariak, energiaren kontsumo jarraitua egiten dutelako egun osoan.

Komunitate energetikoaren oinarrian dagoen instalazioa Karela kiroldegiko sabaian egingo da, eta aste honetan bertan hasi dituzte eguzki-plaken instalazioari lotutako lanak.

Interesdunen datuak 

Komunitate energetikoan izena eman nahi duten herritarrek aurrezpenaren estimazio bat jasotzeko aukera izango dute: horretarako, izen-emate prozesuan, azken elektrizitate faktura, NAren kopia eta datuen babeseko dokumentua sinatuta aurkeztu beharko dituzte, eta informazio horrekin Goienerrek kalkulatuko du bakoitzak elektrizitate-fakturan izan dezakeen aurrezpena.

Paraleloan, udalak izena ematen dutenen profilak eta kontsumo-ohiturak aztertuko ditu, bazkideen behin betiko zerrenda zehazteko.

Aurrerago, Goinerren eskutik, elektrizitate fakturak egoki irakurtzeko eta ezaugarriak ulertzeko saio irekia ere antolatuko du herritarrentzat, udalak jakinarazi duenez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide