Herriko energia planak emandako aurreneko emaitzez "balorazio positiboa" egin du Orioko Udalak

Onintza Lete Arrieta 2026ko otsailaren 19a

Eguzki plakak kirol portuan. (Onintza Lete Arrieta)

Helburua 2025erako energia kontsumoa %30 jaistea zen eta %27 jaistea lortu du, nahiz eta aurreikusitakoak baino kontsumo puntu gehiago egon herrian. Hurrengo urratsak argi ditu, eta horietako bat da komunitate energetikoa sustatzea herrian. 

Orioko Udalak jakinarazi du 2018tik %27 murriztea lortu duela energia kontsumoa. Udalak 2019an onartu zuen 2020-2030 Energia Plana, "udal instalazioen energia kontsumoa murrizteko eta autokontsumoa handitzeko helburarekin". Iaz, "ezarritako epearen erdia igarota, datuen azterketa egin zuen, eta energia kontsumoa %27 murriztea lortu dela ondorioztatu da". 2026an 2018an baino kontsumo puntu gehiago daudela kontuan hartuta, "balorazio positiboa" egin du udalak.

Udalak gogorarazi du 2019ko otsailaren 21ean sartu zela indarrean Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari lotutako 4/2019 Legea, eta bi epemuga ezarri zizkien udalei: 2025erako %30eko jaitsiera, eta 2030erako, berriz, %40koa. 

Hala, udala "kontziente" da kontsumoa asko murriztea lortu badu ere, ezarritako helburuak ez dituela oraindik bete. "Baina horren atzean, hiru arrazoi nagusi daude", azaldu du: batetik, 2018ko datuetan jasotzen ez ziren lokal eta espazio berrien energia kontsumoa (Udaltzaingoaren lokal berria, Kaia kaleko lokala…); bestetik, 120 argi puntu berri jarri izana, puntu ilunak argitzeko; eta hirugarrenik, kiroldegiaren ordutegia zabaldu izana.

Hurrengo erronkari begira

Hurrengo erronka da 2030erako %40ko jaitsiera lortzea. Horretarako, besteak beste, hainbat instalazio berri martxan jartzea aurreikusi du 2026an, Zaragueta Herri Eskolan, udal kanpinean eta haur eskolan, esaterako, "autokontsumoa handitzeko eta argindar kontsumoa gehiago jaisteko".

Gainera, laster udalak berak sustatuko duen komunitate energetiko berriaren inguruko informazioa zabalduko duela jakinarazi du. 

Neurri zehatzak

Helburuak lortzeko bidean, hainbat neurri hartu ditu udalak azken bost urteetan: batetik, zortzi instalazio fotovoltaiko ezarri ditu; horietako batzuk udal instalazioetan daude (kiroldegian, Orio Kanpinean eta haur eskolan), eta beste batzuk, emakidan dauden ostalaritza eraikinetan (hondartzako eta kanpineko tabernak). "Energia aurrezteaz gain, energia ekoizteko aukera ere ematen dute", azaldu du udalak. Bestetik, neurri ugari hartu ditu kiroldegian, "energia gehien kontsumitzen duen eraikin publikoa izanik": bero berreskuragailu bat eta eguzki plaka termikoak instalatu ditu; LED argiak ezarri ditu; hezetasuna kentzeko makina eta klimatizagailua eta horien kontrol sistema berritu ditu; eta ur beroa ekoizten laguntzeko aerotermia sistema instalatu du. 

Horrez gain, udalak 793 LED argi jarri ditu herriko faroletan –herriko argindar-koadroen bi heren–, eta Mendibeltz futbol zelaiko fokoak ere LED argiengatik ordezkatu ditu.

Orain gutxi azaldu duenez, zero emisioko hiru ibilgailu elektriko ere erosi ditu udalak 2025ean.

Emaitzak

Neurri horien guztien ondoren, 2025erako "nabarmen jaitsi da" udal instalazioen energia kontsumoa. Honako datuak plazaratu ditu udalak:

  • Argindarra: 1.184.857 kWh (%30eko jaitsiera)
  • Energia termikoa (berokuntza/ur beroa…): 1.102.944 kWh (%22,5eko jaitsiera)
  • Guztira: 2.287.801 kWh (%27ko jaitsiera)
  • Karela kiroldegia: kontsumo termikoa %65 jaitsi da.
  • Kale argiteria: kontsumo elektrikoa %60 murriztu da. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide