Hasiak dira herriko frontoia eraisten, eta udalak atzo bertan egin zuen jendaurreko aurkezpena Kultur Etxean, herritarrei azaltzeko etorkizuneko frontoiari zer bi kokaleku ematea dagoen. Bata lehendik aurreikusitakoa da, Abaromendikoa, Zaragueta herri eskolaren ondokoa –orain arteko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (HAPO) aukera hori bakarrik ahalbidetzen zuen–. Bestea HAPO berriak eskaintzen duen aukera da: Palotan eraikitzea frontoia, Kosta Tailerraren aurrean, baratzeetan.
Udalari dagokionez, Olatz Santamaria Hirigintza zinegotziak eta Anuska Esnal alkateak hartu zuten hitza batez ere herritarren galderei erantzuteko, baina azalpen teknikoak XS arkitektura estudioko Borja Agirresarobe arkitekto oriotarrak eman zituen, beraiek egin dutelako lanketa teknikoa udalaren eskariz. Agirresarobek azpimarratu nahi izan zuen atzo aurkeztutako diseinuak aurreproiektuak direla, hau da, ez direla behin betiko diseinuak, eta orain erabaki beharrekoa kokalekua bera dela. Horrekin batera, udal ordezkariek nabarmendu zuten azterketaren galdera nagusia dela ea "zer kokapen eta zer frontoi eredu" behar dituen herriak "epe luzera begira". Izan ere, planteamendu oso desberdinak jarri zituzten mahai gainean: Palotakoak kirola eta kultura uztartzen ditu, frontoia egiteaz gain Kosta Tailerra eraberritu eta handituko luketelako eta kultur areto berria eta plaza bat sortuko lituzketeelako, eta Abaromendikoa kirolera mugatzen da, pilotaz gain beste kirol ekipamendu batzuk jartzea planteatuta; frontoiaren eraikinean padel pistak eta taberna, eta inguruan atletismo pistak, besteak beste.

HAPO berria behin betiko onartzen denean –udalbatzak behin-behinean onartuta dauka eta Eusko Jaurlaritzak laster emango du oniritzia, behin betiko onartu ahal izateko–, Orioko Udalak herri galdeketa egingo du frontoiaren kokapen berria erabakitzeko. Behin hori erabakita hasiko dira proiektu zehatza lantzen.
Desberdintasun ugari
Pilotaleku berria Abaromendin eraiki ala Palotan eraiki, esku pilotan aritzeko frontoi ofizialak dituen 36 metroak edukiko ditu. Bietan pilota jarduera izango da lehentasunezkoa egunerokoan; erabilera osagarriak, berriz, bi ereduetan modu desberdinean ulertzen ditu lanketak.
Palotako proposamena "Orioko kultur eskaintzaren plan estrategikoan ateratako ondorioekin lerrokatuz" landu dute. Arrantzale kaleko biribilgunera begira, partzela-eremu urbanistiko berri bat sortuko lukete, eta Kosta Tailerra eraikinaren eta errepidearen artean geratzen den orube berrian plaza eta frontoi berria txertatuko lituzkete. Frontoia plazara irekita egongo litzateke, baina estalita. Plazak eta frontoiak "espazio soziokultural berri bat" osatuko lukete, frontoiak ekitaldiak, antzezlanak nahiz kontzertuak egiteko aukera ematen duelako. Kosta Tailerra berritu eta handituko lukete, "kulturaren erreferente nagusi bihurtzeko asmoz", eta han kokatuko lituzkete frontoiko aldagelak, dantza aretoa eta kultur eragileentzako espazioak. Areto berria –250-300 ikuslerentzat– Kosta Tailerrari itsatsita egongo litzateke, "kultur ekitaldiak bateratzeko".
Abaromendi eremuko proposamena, berriz, Zaragueta herri eskolaren inguruan kokatzen da, herrigunetik urrunago. Eraikina orubearen ekialdean kokatuko lukete, mendiari bizkarra emanda, eta Zaragueta eskolaren eta frontoiaren artean kirol izaerako espazio publiko berria sortuko lukete. Frontoia eraikin itxia izango litzateke, eta barruan, frontoiaz gain, padel pista bat eta taberna egongo lirateke. Kanpoko eremuan 60 metroko atletismo pista txikia egongo litzateke, umeentzako futbol zelai itxia, frontoi txikiak eta kalisteniako gunea. Herritik urrunago egon arren, azaldu zuten "bidegorri eta errepide sarean ondo txertatua" dagoela, eta inguruan "aparkaleku gune zabalak" dituela.

Inbertsio garrantzitsua
Proiektu bat ala bestea aukeratu, udalak inbertsio handia egin beharko du. Atzo aurkeztutako aurreikuspenen arabera, Palotan frontoia egiteak 3,2 milioi euroko aurrekontua izango luke, eta horri gehitu beharko litzaioke lurren erosketagatik ordaindu beharrekoa. Kosta Tailerra handitzea eta berritzea beste hiru milioi euro kostatuko litzateke. Aparte jarri dituzte biak, bat kirol arloko inbertsioa delako, eta bestea, kulturakoa.
Abaromendin frontoia egitea eta kanpoan kirol instalazioak jartzea eta guztia urbanizatzea, berriz, 5,7 milioi euro kostatuko litzateke.
