Otsailaren 27ra arte eska daitezke Ondasun Higiezinen Zergari dagozkion hobariak

Julene Sorarrain 2026ko urtarrilaren 31

Orioko Herriko Plaza. (Orioko Udala)

Hobariak eskatzeko interesa dutenek eskaera orria eta dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko dituzte udal bulegoetan edo Orioko Udalaren erregistro elektronikoan.

Orioko Udalak Ondasun Higiezinen Zergari dagozkion bi hobari mota onartu ditu aurten ere: bata familia ugarientzat, eta bestea energia berriztagarriko sistema homologatuak instalatuak dituzten ondasun higiezinetarako. Horiek eskatzeko interesa dutenek otsailaren 27a arteko epea izango dute hobari horiek eskatzeko.

Familia ugarientzako hobariak

Familia ugarientzako hobariaren eskaera urtero aurkeztu behar dute herritarrek. Horretarako, etxebizitzak familia ugariaren ohiko bizitokia izan behar du eta familiako kideek bertan erroldatuta egon behar dute. Dena dela, hori jaso ahal izateko familiako inork ez du izan behar beste ondasun higiezin baten jabe.

Hobariak bi motatakoak dira: familia ugari berezientzako hobaria %90ekoa eta familia ugari orokorrentzako hobaria %50ekoa.

Hobariaren eskaera egiteko, eskaera orri bat bete beharko dute interesatuek eta udal-bulegoetan edo udalaren erregistro elektronikoan aurkeztu, honako dokumentazioarekin batera: Familia ugariaren txartela, Ondasun Higiezinaren gaineko Zergaren azken ordainagiria ordainduta dagoela akreditatzen duen agiria eta Zinpeko aitorpena, adieraziz familiako inor ez dela beste ondasun higiezin baten jabe.

Energia berriztagarriko sistema homologatuak instalatu dituztenentzako hobariak

Hobari hori jaso ahal izango dute energia berriztagarrien bidezko aprobetxamendu termiko edo elektrikoko sistemak dituzten ondasun higiezinek; instalazio horiek Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamendua (EITE) bete beharko dute. Hobaria zergaren zenbatekoaren %40koa izango da.

Hobariaren eskaera egiteko, eskaera orri bat bete beharko dute interesatuek eta udal-bulegoetan edo udalaren erregistro elektronikoan aurkeztu, Ondasun Higiezinaren gaineko Zergaren azken ordainagiria ordainduta dagoela akreditatzen duen agiriarekin batera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide