Saregilek ekainera arte eskainiko dituen ikastaroetan izena emateko epea, zabalik

Onintza Lete Arrieta 2026ko urtarrilaren 9a

DJ bat musika jartzen. (Pixabay)

Emakumeen etxeak gaur zabaldu du epea Ahalduntze Eskoletan parte hartzeko, eta interesa dutenek urtarrilaren 16a izango dute horretarako azken eguna. Ikastaroez gain, hitzaldiak, tailerrak eta mahai inguruak ere antolatu dituzte. 

2026an sartzearekin batera, Saregile emakumeen etxeak jakinarazi du ekainera bitartean zer ikastaro, tailer, hitzaldi eta mahai inguru eskainiko dituen, ohiko zerbitzu eta dinamiken berri emateaz gain. 

Ahalduntze Eskolaren barruan zazpi ikastaro prestatu ditu, eta izena emateko epea gaur bertan zabaldu du. Gaur zortzira arte egongo da apuntatzeko aukera, hilaren 16ra arte, alegia. Horretarako, honako galdetegia bete behar da. Saregileren egoitzara bertaratuta ere eman daiteke izena (Kale Nagusia, 17).

Horrez gain, arduradunek jakinarazi dute haurrak zaintzeko zerbitzua eskatu daitekeela izena ematerako orduan, eta ikastaroen ordainketa esku-dirutan egin beharko dela.

Honakoak dira ikastaroak:

  • Zoru pelbikoa lantzen: Saioa Baenaren eskutik. Urtarrilaren 20tik martxoaren 24ra, astearteetan, 15:30etik 17:00etara, denera 15 ordu izango dira. Euskaraz izango dira saioak, eta 15 euroko diru ekarpena egin beharko da. 
  • Biodantza: Eider Zuriarrainen eskutik. Otsailaren 4tik ekainaren 3ra. Asteazkenetan, 16:00etatik 17:30era, denera 24 ordu izango dira. Saioak elebitan izango dira, eta 24 euroko diru ekarpena egin beharko da.  
  • DJ ikastaroa: Ostaizka Esteli Serraren eskutik (Siwanaba DJa) . Martxoaren 4tik apirilaren 22ra. Asteazkenetan, 18:00etatik 20:00etara, denera 12ordu izango dira. Saioak euskaraz izango dira, eta 12 euroko diru ekarpena egin beharko da.
  • Geure gorputzean eta etxean burujabe: Aiora Urbietaren eskutik. Apirilaren 16tik maiatzaren 21era. Ostegunetan, 18:00etatik 20:00etara, denera 12 ordu izango dira. Saioak euskaraz izango dira, eta 12 euroko diru ekarpena egin beharko da.
  • Mendi orientazio ikastaroa: Patri Espinarren eskutik. Maiatzaren 8an, 9an eta 10ean. Ostiralean 17:00etatik 20:30era, eta larunbatean eta igandean 09:00etatik 14:00etara, denera 13,5 ordu izango dira. Saioak euskaraz izango dira, eta 13,5 euroko diru ekarpena egin beharko da.
  • Haurdunaldia eta mugimendua: Jesica Moralesen eskutik. Urtarrilaren 8tik apirilaren 22ra. Ostegunetan, 11:00etatik 12:00etara, denera 14 ordu izango dira. Saioak gaztelaniaz izango dira, eta 14 euroko diru ekarpena egin beharko da.
  • Batxata salsa kuir: Nerea Hernandezen eskutik. Urtarrilaren 27an, otsailaren 17an, martxoaren 17an, apirilaren 21ean, maiatzaren 19an eta ekainaren 9an. Astearteetan, 18:30etik 20:00etara, denera 12 ordu izango dira. Saioak euskaraz izango dira, eta 12 euroko diru ekarpena egin beharko da.

Hitzaldi, tailer eta mahai inguruak

Ikastaroez gain, Saregile emakumeen etxeak hitzaldiak, tailerrak eta mahai inguruak ere antolatu ditu datozen aste eta hilabeteetarako. 

Aurreneko hitzordua otsailaren 6an izango da, ostiralarekin. Sheila Melcon-ek (Sortzen) hitzaldia eskainiko du Indarkeria matxisten aurrean, erreparazio feminista izenburupean. Solasaldia euskaraz eskainiko du, 17:30ean hasita. 

Otsailaren 19rako, ostegunarekin, bestelako ekintza proposatu dute: irrintzi tailerra. Amaia Garcia adituak eskainiko du, euskaraz, bi orduko tailerra, 18:30etik 20:30era. 

Hurrengo hitzorduek ere kultur kutsua izango dute. Batetik, otsailaren 24an, asteartea, mahai ingurua eskainiko dute Arantxa Urretabizkaia eta Yolanda Arrieta idazleek eta Mari Luz Esteban ikerlariak, Iratxe Retolazak gidatuta. Zahartzeko manerak euskal literaturan izenburua jarri diote saioari, eta 18:00etan hasiko da. 

Bestetik, ikus-entzunezkoei lotutako bi proposamen prestatu dituzte: Jone, batzuetan filma proiektatuko dute martxoaren 12an, ostegunarekin, 19:00etan Kultur Etxean, eta bestetik, Zinegoak LGTBIQ+ film laburren emanaldia izango da maiatzaren 28an, ostegunarekin, 18:00etan hasita. 

Azkenik, Saregilek jakinarazi du ikasturte amaierako ekintza ekainaren 11n izango dela, baina aurrerago emango dituzte ekitaldi horri buruzko xehetasunak. 

Ikastaroei eta Saregilek eskaintzen dituen bestelako zerbitzuei buruzko informazio zabalagoa eskuragarri dago esteka honetan

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide