Gaur Euskal Jai eguna da Getarian, eta urtero bezala, egitarauaren barruan dago irrintzi lehiaketa. Nahi duen orok bota dezake bere aldarria udaletxe azpiko mikrofonotik, eta irrintzi onenak saria izango du.
Bi egun lehenago, ostegun iluntzean, irrintzi tailerra eskaini zuten Iturzaeta aretoan. Amaia Garcia bermeotarrak eman zuen ikastaroa, eta hamar lagun inguru elkartu ziren, denak emakumezkoak, irrintzia botatzen ikasteko edo teknika hobetzeko. Aurrez, Ekain Martinez de Lizarduyren Erraiak dokumentala ikusi zuten, eta zuzendariarekin berriketan aritu ziren irrintziaz eta horrek sortzen dituen sentimenduez, besteak beste.
Irakaslearen eta Bego Arruti herritarraren adierazpenak jaso dira bideo honetan.
Gaur, larunbata, Euskal Jai Eguna
- Goizean. Txistulariak, trikitilariak eta pandero jotzaileak kalez kale.
- 09:00. Gazte Alaiak taldeko txistulariak kalez kale.
- 10:00. Musika eskolako trikitilariak eta pandero jotzaileak kalez kale.
- 11:30. Musika eskolako haur trikitilariak kalez kale eta plazan.
- 12:30. Plaza dantzak txistulariekin eta trikitilariekin, plazan.
- Bitartean. Mikro irekia irrintziak botatzeko. Irrintzi onena sarituko da.
- 13:30. Larrain dantza, plazan.
- 17:00. Arrapaladan taldearekin triki-kalejira.
- 19:00. Kantujira Taberna Ibiltariarekin.
- 22:30. Erromeria Bide Batez taldearekin, plazan.