Sanikolasetako azken txanpan sartzeko, 300 lagunentzako babarrun jana

Onintza Lete Arrieta eta Urtzi Oteiza 2025eko abenduaren 7a

Urtero bezala, giro aparta sortu da Karela kiroldegian sanikolasetako herri bazkariaren inguruan. Musikak blaitu du hasiera nahiz amaiera, eta datozen orduetan ere ez da faltako ekitaldirik herrian.

Ia 300 lagun elkartu dira gaur 14:30 aldera Karela kiroldegian, San Nikolas bigarrenez urteroko egiten den herri bazkariaz gozatzeko. Txosna batzordeko kideak goizean goiz hasi dira babarrun jana mimoz prestatzen kiroldegi kanpoan bertan, eta barruan, Festa Batzordeko kideek egin dituzte muntaketa eta zerbitzari lanak.

Babarrunak Aginagatik ekarri dituzte, horiek gozatzeko txerrikia herriko harategietan eskuratu dute, eta gazta, herriko artzain bati erosi diote. "Guretzat garrantzitsua da bertako produktuak erabiltzea", nabarmendu dute sukaldariek, eltzeko babarrunei bueltak eta bueltak eman bitartean. Arraun bat tuneatu diete eltzean erabiltzeko, baina beste istorio bat da hori.

Herritarrak puntual eta umoretsu iritsi dira bazkaritara, asko zapi horiak soinean, eta irribarrea ezpainetan. Kantu Salda musika taldea nafarrak eman die ongietorria hiruzpalau abesti eskainiz, eta urtero bezala, mahaietan hainbat belaunalditako herritarrek egin dute bat.

Bapo jan ondoren lokotx biltzen-eta ibiltzera animatu dira batzuk, eta hasiera batean Orioko Txarangak emanaldia kiroldegi barruan eskaini behar bazuen ere, gero handik abiatzeko kalejiran Pello eta Nikolasarekin, azkenean, Arkaitz aurrean egin dute juntadizoa, eta herritar mordoa eraman dute atzetik kalez kale.

Iluntzean hasita, kontzertu andana izango da Herriko Plazan, eta festak amaitu aurretik, bihar egun osoko egitarau dotoreaz gozatzeko aukera izango dute oriotarrek. Honakoa da biharko egitaraua:

Bihar, San Nikolas hirugarrena

  • 06:00. Gaupaseroen argazkia, Oa-ko eskaileretan.
  • 11:00. Haurrentzat Euskal Herriko jostailuen inguruko lantegia eta jokoak, Herriko Plazan.
  • 12:00. Kantujira herritar talde batek antolatuta, kalez kale.
  • 13:00. Orio Arraunketa Elkartearen banderen bedeinkapena elizan, eta ondoren, bazkaria.
  • 13:00. Gure Sukaldetik-en eskutik bazkaria, txosnetan.
  • 16:00. Herri kirol parte hartzaileak haurrentzat eta gazteentzat, Herriko Plazan.
  • 17:00. Herri kirolak, Joseba Ostolaza harri eskolaren eskutik, Heriko Plazan.
  • 17:00. Erraldoi eta buruhandi eta trikitilariekin kalejira kalez kale.
  • 18:00. Talo jana, Herriko Plazan.
  • 19:30. Muxutruk erromeria taldearen kontzertua, Herriko Plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide