%2,5 igoko dituzte tasak eta zergak Orion, eztabaida eragin duen udalbatzarrean hala erabakita

Ihintza Elustondo 2025ko ira. 26a, 15:10

EH Bilduren aldeko bederatzi botorekin eta EAJren abstentzioarekin –hiru boto– onartu dituzte Orion datorren urterako tasak eta zergak. %2,5eko igoera orokorra izango dute ordenantzek, eta Kirol Txartelaren bigarren aldaera bat sortzea erabaki dute, kirol elkarteetako kideei zuzenduta. Gai horrek eztabaida eragin du, baita galde-erreguen tartean parapenteen lur hartzeko eremuaren kontuak ere.

Iraileko ohiko udalbatzarra egin zuten atzo, osteguna, Orion. Ordenantza fiskalak onartzearena izan zen eguneko puntu garrantzitsuena, eta EH Bilduk gehiengo osoa duenez proposamena aurrera atera bazen ere, eztabaida luzea sortu zen osoko bilkuran, eta ordu eta erdi baino gehiago luzatu zen saioa. Azkenean, baina, tasak eta zergak %2,5 igotzea onartu zuten, EH Bilduren aldeko bederatzi botorekin eta EAJren abestentzioarekin –hiru boto–.

Hasteko, udal idazkariak proposamenaren xehetasun guztiak azaldu zituen banaka-banaka, eta ondoren, Inaxio Alguacil koalizio subiranistako zinegotziak punturik garrantzitsuenak nabarmendu zituen. Hark adierazi zuen KPIa erreferentziatzat hartuta erabaki dutela ordenantza fiskalak %2,5 igotzea. "Urtea amaitzerako, KPIak %2,4-%2,6ko igoera izango duela aurreikusten dugu, eta beraz, kopuru egokia iruditu zaigu %2,5ekoa". Azaldu zuen kontziente direla azken urteetan asko igo dituztela ordenantza fiskalak, baina adierazi zuen KPIa igo dena baino gutxiago igo dituztela tasak eta zergak. "Azken zazpi urteak kontuan hartuz gero, %19,10eko igoera izan du KPIak, eta %11,20 igo dira Orioko Udaleko ordenantzak". Hark igoera horrek Orioko Udalean zer eragin duen azpimarratu nahi izan zuen. "Aurrekontu osoaren %40 inguru etortzen da ordenantza fiskaletatik".

Igoera orokorraz gain, aldaketa aipagarrienak zerrendatu zituen Alguacilek. Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ), bigarren etxebizitzei %100eko errekargua ezarri zieten iaz, eta datorren urtean ere bide beretik jarraituko dute. Gainera, jabeak bertan bizi direla ziurtatzeko gutxieneko kontsumoa 300 kW-tik 1.300ra igoko dute. Dena den, Bizigune proiektuan izena emanda daudenak errekargu horretatik salbuetsita geldituko dira.

Hiri lurren balio gehikuntzaren gaineko zergan, gehieneko kopuruetara –%30era– iristeko bidean jarraituko dutela azaldu zuen zinegotziak, "espekulazioa saiheste aldera". Kanpinaren kasuan, bezero finkoei %4,75eko igoera aplikatzea proposatu zuten, igerilekuarekin-eta egin den inbertsioari erantzuteko.

Horrez gain, Alguacilek nabarmendu zuen aurten aipamen berezia eskatzen duela Kirol Txartelaren kontuak, herriko kirol egituran tasa berri bat izango delako. Bi urteko prozesu baten azken urratsa izango da hori, hark azaldu zuenez. Orain arte, Kirol Txartel bakarra izan da Orion indarrean, baina orain txartel horren bigarren aldaera bat sortu dute: Kirol Txartel Mugatua. Ohiko Kirol Txartela da herritarrek kirol azpiegiturak erabiltzeko atera ohi dutena, eta horren tarifa mantendu egingo dute. Dena den, kirol elkarteetako bazkideei zuzenduta sortu dute Kirol Txartel Mugatua. Hori Kirol Txartel arrunta baino merkeagoa izango da, eta egiten duten kirolaren arloko azpiegiturak erabiltzeko aukera emango die jabeei.

Alguacilek azaldu zuen kirol instalazioen erabilerak kostu handia eragiten diola udalari, eta orain arte kiroldegiko ohiko bazkideek hartu izan dutela kostu horren ardura beren gain. Ordea, udalari ez zitzaion hori "bidezkoa" iruditzen, eta horregatik nahi izan dute kostua modu orekatuan banatu.

Kirol Txartelaren kontuan, adostasunik ez

Noemi Ostolaza EAJren bozeramaileak ordenantza fiskalak bozkatzerakoan zergatik abstenitu ziren azaldu zuen segidan. Kirol Txartelaren aldaketarekin ez daudela ados nabarmendu zuen. "Adin txikikoek taldean egiten duten kirola inbertsio bat da; talde lana, bizi osasuntsua, euskara... lantzen dituzte. 18 urtetik beherakoentzako tasa hau doakoa izatea zen gure planteamendua. Guretzako elementu inportantea zen, eta pena ematen digu kontuan ez hartu izanak", esan zuen.

Alguacilek erantzun zion propio ez dituztela prezio oso handiak jarri eta ez duela uste tasa hori ordaindu beharra familia batek kirola egiteari uztekoa adinakoa denik. "Urtean 36 euro eskatzeak ez ditu eramango kirola ez egitera, baditugulako horri aurre egiteko programak eta hobariak".

Anuska Esnal alkateak ere gaiaz hitz egin nahi izan zuen, eta "egia erdizka" kontatzea leporatu zion Ostolazari. Denboran atzera eginda, udalak bi kirol diagnostiko egin dituela gogora ekarri zuen alkateak, eta horietan argi ikusten zela zer hutsune zituen herriko kirol azpiegiturak. Bizpahiru urtean kirol guneak ordenatu egin dituztela adierazi zuen: "Elkarte guztiek eremu duin bat izan dezaten lan egin dugu". EH Bildurentzat ere herriko kirol instalazioena inbertsio bat dela esan zuen, baina baita sistemaren gastua "oso handia" dela ere. "Orain arte, abonatuen dirua soilik baliatzen genuen gastu horri aurre egiteko, eta ez zaigu bidezkoa iruditzen hori. Beste herriekin alderatuta, goitik dago Orioko tarifa". Horregatik, instalazio bat puntualki erabiltzen dutenentzako, kirol elkarteetako kideentzako, sortu dute kirol txartel berria, haiek ere aportazio bat egin dezaten Orioko kirol instalazioen gastuetan.

Gai horretatik abiatuta, tentsio uneak bizi izan ziren atzoko udalbatzarrean, eta horren ostean, gainontzeko puntu guztiak aho batez onartu bazituzten ere, galde-erreguen txandan berriro eztanda egin zuen giroak. Hauek dira aho batez onartu zituzten puntuak: 2026ko egutegi fiskala, Taxiaren Gipuzkoako Elkarteak aurkeztutako proposamena 2026ko auto-taxien hiri barruko tarifei buruz, udal aurrekontu propioaren 8/2025 zenbakidun kreditua aldatzeko espedienteari lehen onarpena ematea, AEKren proposamena euskaltegiko tasen inguruan, musika eskolako langileen lanaldiak Udalhitzek xedatutakoaren arabera egokitzea eta antzinatasunagatiko opor egun gehigarriak ezartzea.

Galde-erreguetan, tentsioa

Alkateak galde-erreguen tartea baliatu zuen uztaileko udalbatzarraren ostean parapenteentzat baimendutako lurreratze eremuaren harira EAJk izandako jokabidea gaitzesteko. "Aho batez onartu genuen udalbatzarrean gaia, eta oso pozik nengoen. Ondoren, prentsaren bidez jakin nuen erabakia berrikustea eskatu zenutela. Harridura eragin zidan zuen iritzia modu horretan agertzeak".

Ostolazak beraiek beren iritzia emateko duten espazioa "errespetatzeko" eskatu zion. "Idatzi hartan ez genuen esan hemen esan gabeko ezer. Zuek zuen egitura duzue, eta guk gure bideak ditugu", erantzun zion. "Adierazpen askatasuna mugatzen" ari zela ere leporatu zion Ostolazak Esnali.

Alkateak erantzun egin nahi izan zion berriro Ostolazari, eta EAJren bozeramaileak gehiago ez hitz egitea erabaki zuen. Azkenean, tira-bira artean amaitu zuten bilkura.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide