Iker Zabala: "Etxeko arraunlariek izan duten gosea izan da gakoa: ate guztiak puskatu dituzte"

Julen Etxeberria ('Berria' egunkaria) 2025ko ira. 25a, 13:30

Iker Zabala OAEko gizonezkoen entrenatzailea. (Onintza Lete Arrieta)

Ametsetako denboraldia egin du Oriok Iker Zabalaren esanetara, eta hark taldeak egindako ahalegina nabarmendu du. "Denoi gustatzen zaigu irabaztea, baina gutxi daude prest guk egin dugun lan handia egiteko". Berria egunkariak argitaratu duen elkarrizketa da honakoa.

Denboraldi ikusgarria egin ondorengo biharamunean ere ez du atseden hartu Iker Zabalak (Bermeo, Bizkaia, 1979). "05:00etan altxatu naiz, beharrera joateko. Entrenatzaileok ez dugu atsedenik. Datorren sasoia prestatzen hasi behar dut".

Batetik, Eusko Label liga irabazi duzue, baita banderen eta puntuen errekorra hobetu ere. Bestetik, Kontxako Banderan nagusitu zarete, baita Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapelketetan ere. Hala ere, ez diozu jarriko hamarreko nota denboraldiari?

Ez. Horri eusten diot. 9,6ko nota jarriko nioke. Izugarrizko urtea egin dugu, ez bakarrik uda: neguan jaitsiera guztiak irabazi genituen bat izan ezik, eta, gero, trainerilletan, estropada guztietan nagusitu ginen.

Zer hobetu dezake perfekzioaren mugan ibili den traineru batek?

Urtebete gutxi da traineru bat perfektu ibiltzeko. Arraunlari gehienak iazko berberak izan arren, berri batzuk etorri dira, eta aldaketak egin ditugu materialean eta arraunketan. Ez dago denborarik urtebetean hori guztia zuzen-zuzen jartzeko. Estropada asko ondo irabazi arren, ikusi da makineria ez dabilela fin-fin. Guztiak fin-fin egon behar du nik hamarreko nota emateko.

Aurten oso nagusi izan zarete, eta, hala ere, hobetu dezakezuela diozu. Zer izango da orduan datorren urteko Orio?

Guk hobeto dezakegu, baina aurkariek guk baino gehiago hobetu dezakete, eta parekotasuna handitu. Ustez, gure arraunlari gehienak taldean geratu eta baten bat fitxatzen badugu, trainerua azkarrago ibiliko da. Baina beti zaude aurkariek egiten dutenaren mende; agian, zu baino gehiago indartzen dira, eta jada ez duzu irabazten. Guk gureari erreparatu behar diogu, eta hobetu, eta, horretarako, sendagairik onena da talde guztiak beste urtebetez jarraitzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide