Kontxako harrera ekitaldiak utzitako momentuak, bideoan

Mireia Galarza Bastida, Onintza Lete Arrieta eta Gorka Eizagirre 2025ko ira. 15a, 14:30

Orioko gizonezkoek 33. Kontxako Bandera etxeratu zuten atzokoan, eta garaipena behar den bezala ospatzeko, harrera hunkigarria jaso zuten iluntzean herriko kaleetan zehar.

Berezia izan zen atzoko eguna. Ez bakarrik Orioko gizonezkoek 33. Kontxako Bandera irabazi zutelako, baita herriak aspaldian ikusi gabeko irudia utzi zuelako ere. Ohi bezala, harrera egin zieten arraunlariei balentria aitortzeko, baina ez zen hori ere nolanahikoa izan. Bikamiota biribilgunean hasi zuten ospakizuna, Orioko Txarangak alaituta. Txarangarekin batera, dozenaka zale, arraunlariak autobusean noiz iritsiko. Plazan ere jada jendea hasia zen lekua hartzen: haur, gazte, heldu nahiz adineko, denak talde batek elkartuta.

Autobusa urrutira ikusi zutenean lehertu zen festa, eta eromena bihurtu zen leku hori arraunlariak banaka-banaka autobusetik irteten hasi zirenean. Emozioen errusiar mendia izan zen hura, baina hasiera besterik ez zen, ospakizun luzea baitzuten aurretik. Herritarrez gain, han zeuden arraun elkarteko zuzendaritzako kideak ere, tartean Jon Olasagasti presidentea.

Txarangarekin argazkiak atera eta inguruko zaleak agurtuta abiatu ziren denak kantuan eta dantzan Eusko Gudarien kaletik. Hitzorduaren berezitasunagatik, Kultur Etxe parean beste sorpresa bat zuten zain: Pello eta Nikolasa erraldoiak. Hitzordurako atondu zituzten, biak txapel eta zapi horiz.

Plazara iritsita, beste sorpresa bat: herri guztia kirolarien zain. Aspaldian ez bezalako irudia zuen plazak, denak horiz eta txaloka. Besarkadak eta irrifarrak oriotarrekin nahiz familiakideekin elkarbanatu, eta denak elkarrekin igo ziren udalbatzar aretora. Han, talde argazkia atera eta inoiz baino gogo handiagoarekin astindu zuten bandera, banan-banan, bai arraunlariek eta bai zuzendaritzako kideek. Horretaz gain, eskertza hitzak ere zuzendu zizkieten arraunlariek herritarrei. Ibon Arruti Aldapek, esaterako, bertsoa bota zien herritarrei, eta txalo zaparrada ederra jaso zuen.

Jarraian bizi zuten kirolari nahiz herritarrek beti gogoratuko duten momentua. Gorka Aranberrik eta Martxel Aldaik Benito Lertxundi topatu zuten jendartean, eta udaletxeko balkoira gonbidatu zuten. Han, Mirotzak abestia abestu zuen arraunlariekin eta herriarekin batera, eta baita bandera astindu ere, arraunlarien laguntzarekin. Zalantzarik gabe, asko eta asko gelditu ziren hunkituta momentu horrekin.

Udaletxeko argiak itzali aurretik, egindakoaren "oso pozik" zeudela aitortu zuten Gorka Aranberri patroiak eta Iker Zabala entrenatzaileak Gukako kamararen aurrean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide