San Pedro jaien barruan, Arrantzale Eguna eta Harrotasunaren Eguna ospatzen ari dira gaur Orion. Arrantzale munduko elementuekin apainduta esnatu da gaur herria, eta arrantzalez jantzita atera dira kalera oriotar asko.
Kalejira egin dute goiz partean herrian barrena Musika Eskolako musikariek eta Salatxo abesbatzako kideek, Pello eta Nikolasa erraldoiekin batera. Sardina erreak eskaini dizkiete gero Oteizaren Pietate azpian zein Endaia Plazan, eta jarraian, Arrantzale Eguneko ekitaldi nagusiari ekin diete.
Bertan elkartu dira arrantzaleak eta arrantzale ohiak, saregileak eta saregile ohiak, herriaren aitortza jasotzeko. Balearen Bertsoak txistu eta danbolinez jo, eta horien erritmora egin diete dantza, eta Eneko Dorronsorok Kaxarranka dantzatu du gero herritarren oihu eta txalo artean. Jon Agirresarobe Torrotxo-k bi bertso ere eskaini dizkie gaurko omenduei; horien artean zen haren aita.