Imanol Alguacilek ez du jarraituko Realean datorren denboraldian

Julene Sorarrain 2025ko api. 24a, 14:05

Imanol Alguacil entrenatzailea. (Reala)

Realeko entrenatzaile oriotarrak gaur jakinarazi du talde txuri-urdinaren aulkia utziko duela aurtengo denboraldia amaitu ostean. 

Imanol Alguacilek datorren denboraldian Reala zuzentzen ez jarraitzeko erabakia hartu du. Oriokoak 2018. urtean sinatu zuen Donostiako klubaren gizonen talde nagusiaren entrenatzaile izateko kontratua. Emaitza onek hauspotuta, Realak bitan luzatu zuen Alguacilen kontratua 2020an: urtarrilean, 2021era arte; eta abenduan, 2023ra arte. 2022an, 2025era arte luzatu zuten berriro hitzarmena. Sei denboraldi igaro ostean, Espainiako Kopa bat irabazita –2020koa, finala 2021ean jokatu zuten arren– eta taldea bost aldiz Europan lehiatzeko sailkatuta, talde txuri-urdinaren lidergoari utziko dio Orioko entrenatzaileak indarrean duen kontratua bukatutakoan, ekainaren 30ean, hain zuzen ere.

Realaren kontu ofizialak jakinarazi du gaur goizean Oriokoaren erabakia, eta Alguacilek azken urte guztietan egindako lana eskertu nahi izan du klubak. "Europako seigarren sailkapenak eta istorio zoragarri honek guztien ahalegina merezi dute. Eskerrik asko, Imanol".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide