Imanol Alguacil izango da Realeko gizonezkoen lehen taldeko entrenatzailea

Urola Kostako Hitza 2018ko abe. 26a, 15:28

Alguacil oriotarrak Asier Garitano ordezkatuko du. Gaur 18:00etan aurkeztuko du Realak entrenatzaile berria. Mikel Labaka azpeitiarra izango da laguntzaile teknikoa.

Imanol Alguacilek gidatuko du Reala. (Reala) Imanol Alguacil (Orio, 1971) izango da aurrerantzean Realeko gizonen lehen taldeko entrenatzailea. Maiatzaz geroztik Asier Garitano izan da talde horren gidaria; berez, hiru denboraldirako erdietsi zuen hark Realarekin akordioa, baina ez du sasoia amaitzerik izan. Realak jakinarazi duenez, kargutik bota dute bergararra, eta harekin batera, taldea utziko du Miguel Perez prestatzaileak ere. Aurrerantzean, Alguacil izango da Garitanoren ordezkoa. Sanseko entrenatzaile izan da orain arte oriotarra, eta futbolari gisa aritua da lehen taldean, 1990eko hamarkadan. Klubak Eusebio Sacristan kargutik kendu zuenean ere aritu zen entrenatzaile, aurreko denboraldi amaieran —bederatzi neurketa egin zituen—. Gaur bertan egingo du Realak entrenatzaile berriaren aurkezpena, 18:00etan. Entrenatzailearekin batera, talde teknikoaren berri ere eman du klubak. Besteak beste, Mikel Labaka (Azpeitia, 1980) izango da laguntzaile teknikoa.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide