Belaunaldien arteko transmisioa galdu ez dadin

Julene Sorarrain - Usua Garin 2024ko aza. 16a, 13:30

Herriko Plazan elkartu dira gaur goizean saharar komunitateko emakumeak eta Ostargi elkarteko kideak, haima sahararra josten jarraitzeko.

Urrian jarri zuten martxan Ostargi elkarteko kideek eta saharar komunitateko emakumeek haima sahararra jostearen proiektua. Geroztik, asteburutan biltzen egon dira Herriko Plazan, apurka-apurka haima josteko eta herritarrak saharar kulturaren inguruan hezitzeko asmoz.

Gaurkoan, sortutako haima berria ez ezik, Saharako haima "originala" jarri dute ere, haimen berezko materialez egina eta herrialdeko banderarekin apaindua. Hainbat herritar gerturatu dira, batzuk laguntzera, eta besteak, aldiz, jakin-minez argazkiak eta bideoak egitera.

Aurrerapen handiak egin dituzte azken asteetan. Gaur haimaren atea josi dute eskuz, eta gainera, Ostargiko kide batek patroiak marraztu ditu, emakume sahararrek transmisioa galdu ez dezaten, eta etorkizunean haima berriak josteko aukera izan dezaten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide