Etxebizitza hutsen errekargua %100ekoa izango da Orion 2025ean

Onintza Lete Arrieta 2024ko urr. 1a, 12:55

Osteguneko osoko bilkuran aho batez onartu zituzten datorren urteko ordenantza fiskalak, aldeko hamahiru botorekin. EAJk alde bozkatu zuen, "EAJk egindako proposamen batzuk txertatu direlako". Zerga eta tasen igoera orokorra %3koa izango da, eta beste batzuk mantendu egingo dituzte.

Joan den ostegunean egin zuten iraileko osoko bilkura Orioko udalbatzar aretoan, eta gaien artean, hurrengo urteko ordenantza fiskalak bozkatu zituzten. Aho batez onartu zituzten horiek, EH Bilduren aldeko hamar botoekin eta EAJren aldeko hiru botoekin. Behin-behinean onartuta gelditu dira, eta jendaurrean egongo dira 30 laneguneko epean. Alegaziorik ez balego, behin betiko onartuta geldituko dira.

Horren aurretik, beste bozketa bat egon zen, Taxiaren Gipuzkoako Elkarteak 2025erako proposamena aurkeztu baitu auto taxien hiri barruko tarifei buruz; %2,9ko igoera proposatu du, eta aho batez onartu zen hori ere.

Ordenantza fiskalei dagokienez, Jon Carrera idazkariak azaldu zuen barne antolaketako batzorde informatzailean landuta zegoela gaia, eta hiru zatitan azaldu zuen udal gobernuaren proposamena: zergez aritu zen aurrena, tasez gero, eta udal zerbitzu publikoei buruz, azkenik. Denetan %3ko igoera orokorra proposatu zuten, hainbat zerga eta tasa mantendu egingo dituzten arren, eta beste batzuk, berriz, %5 igo.

Oposizioaren iritzia

Bozketaren ondoren, hitza eskatu zuen Noemi Ostolaza EAJren bozeramaileak. Udal gobernuaren jarrera eskertu zuen Ostolazak, aurreko urtean "EAJk egindako ekarpen batzuk txertatu" dituztelako: "Eskertzekoa da egin den ahalegina. Horrez gain, eskertzen dugu kirol arloko tasen gaia ere aparte eta sakonago lantzeko aukera edukitzea, hemen landu beharrean, ikusita guk ez genuela bat egiten kirol eremuko tasa berri batzuk proposamenean nola txertatzen ziren".

EH Bilduko Ogasun zinegotzi Inaxio Alguacilek hartu zuen hitza ondoren, eta onartutakoaren laburpena egin zuen. Esan zuen oro har %3ko igoera izango dutela zergek, tasek eta udal zerbitzu publikoko prezioek, baina beste batzuk "mantendu" egingo direla, hala nola "jarduera ekonomikoen zerga; txu-txu trenaren txartelaren prezioa; musika eskolako tarifak eta kirolari lotutako prezioak". Kirol arloari dagokionez, Alguacilek aurreratu zuen "prozesu hori ixtear" duela udalak, eta lanketa egiten "hilabeteak" daramatzatela gaineratu zuen.

Kasu jakin batzuetan igoera %3koa baino handiagoa izan da, eta horri buruz ere hitz egin zuen Ogasun zinegotziak: "Ludotekan ematen den zerbitzuari eusteko, beharrezkoa ikusi dugu prezioak pixka bat areagotzea, baita udal aparkalekuen prezioak ere".

Etxebizitza hutsen errekarguari dagokionez, hori %50etik %100era igo zuten, eta "aipagarria" iruditu zitzaion Alguacili: "Inguruko herrietan ere, Zarautzen eta Zumaian, kasu, %100era igo zuten, eta ea neurri honek alokairua sustatzeko balio izaten duen edo mugimendu pixka bat ikusten dugun". Dena den, "argi utzi" nahi izan zuen errekargutik salbuesten duten egoerak badirela. Hobariak mantendu izanari ere garrantzia eman zion Ogasun zinegotziak.

Zergak, tasak eta prezio publikoak

Zergak:

  • Ondasun higiezinen gaineko zerga: hiri lurrari %3 gehitzea eta landa lurraren zerga mantentzea.
  • Etxebizitza hutsengatik errekargua, berriz, %50etik %100era igotzea. Hobariak mantentzea.
  • Jarduera ekonomikoaren gaineko zerga: mantentzea.
  • Hiri lurren balio gehikuntzaren gaineko zerga: "Ikusita orain ditugun koefiziente gehienak topetan daudela, 6-11 urte bitartekoak, transmisioak ezik, bigarren aukera proposatzen da: gehieneko koefizienteak eguneratuz gero, alkateari ahalmena emango zaio aplikagarriak diren koefiziente berriak ebazpen diren argitaratzeko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean".
  • Ibilgailuei dagokienez, igoera orokorra %3 da.
  • Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga: tasa orokorra mantentzea (%5). Hobariak: baserriak, nekazaritza edo abeltzaintza ustiapenarekin lotuta direnean; etxebizitza tasatuetan, %20koa; etxebizitza sozialak eta alokairu sozialak, %90ekoa; interes bereziko edo erabilera publikoko eraikuntzak, %95ekoa; aprobetxamendu termikoaren arloan ere %95ekoa izango da hobaria.

Tasak:

  • Udal domeinu publikoa pribatuki erabiltzeagatik edo horren aprobetxamendu berezia egiteagatik aplikatuko diren tasak: igoera orokorra %3a izango da.
    • Zangak irekitzearen tasa mantendu egingo dute; aldamioen erabileran igoera orokorra aplikatuko da; eta hobari eta errekargoak mantendu egingo dituzte.
    • Ondasun Higiezinen gaineko Zerga: igoera orokorra aplikatuko da; eta Ondasun Higiezinen gaineko Zerga ez iraunkorrari dagokionez, garajeentzat kendu egingo da; plakak eta zutoinak, "daukan kostura egokituta", 70 euro.
    • Mahaiak eta aulkiak, kioskoa, eta postuak eta barrakak: igoera orokorra.
    • TAO: 12 eta 15 euro 10 ordukoa; tarifa 2 mantendu egingo da; bonoak mantendu eta dagozkion hobariak aplikatu; anulazioen zenbatekoa mantendu egingo da. 
    • Bide publikoaren lurzoruari dagokionez, tasak mantendu egingo dira, baita kutxazain automatiko eta salmenta makinen tasak ere.
  • Zerbitzu publikoak eskaini edo udal ardurapeko aktibitate administratiboak egiteagatik tasak: igoera orokorra, %3.
    • Taxi lizentziak: %3.
    • Udal administrazioko agiri gehienetan, igoera orokorra. Hirigintza kudeaketako agiriak tramitatzen direnean, udalak aholkularia beharko balu, kostu hori ongidunari kobratuko litzaioke.
    • Lurzoru eta antolamendu urbanoari buruzko legeek eskatutako lizentzia urbanistikoa: igoera orokorra. Ekimen pribatuaren bidez sustatutako udalaren aktuazioetan, prezioak eguneratu egin dituzte.
    • Lehen erabilera edo okupazioko lizentziak metro koadroko: egokitzapena egin da, esaterako, merkataritzako lokaleko eta pabilioi industrialetako 3,80tik jaitsi da 1,20ra.
    • Kanposantua: mantendu egingo da, apirileko bilkuran onartu bezala.
    • Zaborrak: 2018tik udal elkarteak du eskumena.

Prezio publikoak:

  • Zerbitzuak eta jarduerak egiteagatik: udal pilotalekua eta kabinak. Udal pilotalekuarena mantendu egingo da, eta "lizitazioko emaitza ezagututakoan proposamen berria landuko du udalak".
  • Aulkiak, paipoak eta eguzkitako aterkiak: eguneko 1 euro, asteko 3 euro, hileko 8 euro eta denboraldiko 25 euro. Etzaulkiak eta surdeko taulak: eguneko 2 euro, asteko 7,5 euro, hileko 15 euro eta denboraldiko 40 euro.
  • Ura: Gipuzkoako Ur Kontsortzioak du eskumena.
  • Danbolin musika eskola: apirileko udalbatzarrean onartu ziren 2024-2025eko prezio publikoak.
  • Orioko Kanpina: igoera orokorra.
  • Karela kiroldegia, Arraunetxea, Mendibeltz futbol zelaia eta tenis, paddel eta squash pisten erabilerak: mantendu egingo dira tasak, eta horien "lizitazioaren emaitza ezagututakoan landuko da proposamen berria".
  • Udal kiroldegiko eta Mendibeltzeko aparkalekuen erabilera: %5eko igoera.
  • Kultur etxearen erabilera: areto nagusia egun bat erabiltzeagatik 28 eurotik 30era pasako da, eta egun bat baino gehiago denean, 20tik 22 eurora. Bilera gela erabiltzeagatik, berriz, egun bat 20tik 22 eurora, eta egun bat baino gehiago bada, 18tik 20ra. Azkenik, gelak erabiltzeagatik 18tik 20ra, eta 20tik 22ra pasako da.
  • Udalbatzar aretoaren erabilera: mantentzea.
  • Etxe tutelatuak: mantentzea.
  • Turismo bulegoa: mantentzea.
  • Txu-txu trena: mantentzea.
  • Katea eraikinaren eta Salatxoren erabilerari buruz: 28tik 30era, 20tik 22 eurora. Katean, mantentzen da sarrera giltza bost euroan.
  • Arraunetxeko areto nagusia eta bilera gela: mantendu egiten da, eta proposamen berria landuko da lizitazioaren emaitza jakindakoan.
  • Ikuskizun eta emanaldietarako sarerak: mantendu egingo dira.
  • Herri baratzearen erabilera: igoera, 50 metro koadrogatik 40 euro ordainduko da, eta 60 metro koadrokoagatik, 56 eurotik 60ra.
  • Errio Oria itsas ondareari buruzko dokumentala proiektatzea: 300 eurokoa izango da prezio publikoa. Salbuespenak eskatzailearen ezaugarriengatik eta ondarearen zabalpenaren ikuspegitik turismo-kultura interesa balu emanaldiak, dagokion batzordeak onartuta, prezio publikotik salbuetsi daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide