Bisiguaren Festako hasiera ekitaldian, boluntarioak protagonista

Gorka Eizagirre | Maria Maya Manterola 2024ko uzt. 13a, 16:00

Hamabost urtetik gora daramatzate Tolosako boluntarioek Bisiguaren Festan lanean, eta haiek omentzeko baliatu dute goizeko ekitaldia. Gaur eta bihar, bisiguaz, marmitakoaz, sardina erreez nahiz bestelako jakiez gozatzeko aukera izango da Herriko plazan.

Bisiguaren Festari hasiera emateko, eguzkipean ekitaldi jendetsua egin dute Herriko plazan. Harribil dantza taldeak, Salatxo abesbatzak nahiz Pello eta Nikolasa erraldoiek parte hartu dute, eta bertan izan dira Bisiguaren Festako parrilleroak. Baina, zalantzarik gabe, Tolosako boluntarioak izan dira protagonista.

Izan ere, tolosarrek hamabost urtetik gora daramatzate Orioko Bisiguaren Festan boluntario lanetan. Anuska Esnal alkateak eskerrak eman dizkiete guztiei herriaren izenean, eta Yurre Peñagarikanok, Agustin Garmendia Agustintxo-k eta Kike Ceak lore sorta eta egur taila jaso dituzte ekitaldian eginiko omenaldi xumean. Aipatu dutenez, "bat gehiago" izaten dira Bisiguaren Festan, eta "plazer bat" izaten da lanean aritzea. Tolosarrentzat, gainera, lagunarte ederra sortzeko aitzakia paregabea izan da urteroko zita.

Marmitakoa, sagardoaz lagunduta

Behin Bisiguaren Festari hasiera emanda, marmitako errazioak banatu dituzte sagardoarekin batera, eta ilara luzeak sortu dira plazan bertan eltzeetan eginiko udako jaki preziatuaz gozatzeko. 

Eguerdian bazkaria banatu dute, eta arratsaldean, sardinak eta barazkiak egingo dituzte parrillan plazan bertan. Bihar, berriz, herriko elkarte gastronomikoen arteko bisigu erre lehiaketa izango da bazkariaren aurretik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide