Aritz Lizarralde: "Ikusi dugu lanak ondo eginda aurrekoekin lehian sartzeko gai garela"

BeƱat Mujika Telleria-Berria 2024ko uzt. 5a, 15:00

Aritz Lizarralde, erdian, bere anaiekin, iaz. (Maria Maya Manterola)

Inork ez zekien zer espero Orio eraberritu batengandik, baina asteburuan Galizian lortutako emaitzen ostean konfiantzaz beteta daude mirotzak. "Pozik dago" Lizarralde, Berria egunkariari emandako elkarrizketan kontatu duenez.

Aldaketa urtea izan da aurtengoa Orio Arraunketa Elkartean. Zuzendaritza berria sartu da klubean, Jon Olasagasti buru duela. Entrenatzailea ere berria da gizonezkoen taldean: Mikel Arostegi, herriko semea eta klubeko arraunlari ohia. Arraunlarien artean ere aldaketa ugari izan dira, baina badira bertan gelditu direnak ere. Aritz Lizarraldek (Orio, Gipuzkoa, 1994) hamasei urte daramatza herriko elkartean. 2016an egin zuen debuta lehen taldean, eta geroztik dabil bertan. Haren esanetan, "lanean jarraitzeko indarra" eman diete Galizian lortutako emaitzek.

Zer iritzi duzu Galiziako lehen asteburuaren inguruan?

Ona, zalantzarik gabe. Geure buruarekin zalantzak genituela joan ginen Galiziara, azken emaitzak ez zirelako onak izan. Gipuzkoako Txapelketan bosgarren egin genuen, eta Lekeition [Bizkaia] egindako estropada batean ere ez genuen lortu nahi genuen emaitza. Ez genekien nola moldatuko ginen, baina konfiantzarekin itzuli gara azkenean; lanak ondo eginda aurrekoekin lehian sartzeko gai garela ikusi dugu. Udari beste ilusio batekin egingo diogu aurre orain.

Ohorezko Txandan ariko zarete larunbatean, Donostian. Hori izan behar da Orioren helburua aurten?

Entrenatzaileak askotan esan digu bigarren txandan aritzeko maila daukagula, baina lortu behar dugula txanda horretan nagusitzea, eta onenak izatea. Igandean hori lortu genuen. Bigarren txandan egonda, beti daukazu irabazi beharraren presioa. Eta, larunbatean, justu kontrakoa izango da. Oso atzean gelditzearen arriskua izaten da batzuetan, baina galtzeko ezer gabe aterako gara, inolako presiorik gabe.

Iaz asko sufritu zenuten, hasieran batez ere. Baina, aurten, guztiz bestelako hasiera eman diozue ligari. Zure ustez, horrek lasaitasun pixka bat emango dizue?

Bai, eta hori oso garrantzitsua izaten da. Ez asteburuetan bakarrik. Gero, aste barruan egindako lanak asteburuan emaitzak ematen dituela ikusteak konfiantzaz betetzen zaitu, eta lasaitasun handia da. Bestela, egindako lan horren emaitza zein izan daitekeen ez jakiteak beldurra handitzen du, eta zailagoa da arraunean ondo egitea. Liga hasi aurretik hori gertatu zaigu. Zalantzak genituen, baina bi estropada horiek lanean jarraitzeko indarra emango digute.

Irakurri elkarrizketa osoa Berria.eus atarian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide