Kronoigoera bizikleta proba antolatu du Aldapa zikloturista elkarteak sanpedroetarako

Onintza Lete Arrieta eta Gorka Eizagirre 2024ko eka. 20a, 17:00

Galduta zegoen ohitura berreskuratu nahi du elkarteak kronoigoerarekin, eta Unai Sarasola zuzendaritzako kideak herritarrak animatu ditu San Pedro eguneko bizikleta proban parte hartzera nahiz elkartera gerturatzera.

Lau hamarkada beteak ditu Orioko Aldapa zikloturista elkarteak, eta azken urteetan itzalean egon ondoren, herrira zabaldu nahi du berriz. Hala, San Pedro festetarako kronoiegoera antolatu du, eta herritarrak animatu ditu bai ekintza horretan parte hartzera, bai elkartera gerturatzera. "Ateak zabalik dituzte guztiek", nabarmendu du Unai Sarasola Aldapako zuzendaritzako kideak. Urte amaieran sartu zen bera elkartearen organoan, eta etxe barrura begira ez ezik, kanpora begira ere gauzak egiteko gogoz da. "Urtero antolatzen ditugu irteerak barne mailan, baina hemendik aurrera, kanpora begira ere aritu nahi dugu", azaldu du.

Elkarteak sanpedroetarako proposatu duen kronoigoera ez da berria; Goiko Kaleko festetan egin izan da, esaterako. Azken urteetan galduta egon da, ordea, eta formatua berrituta egin du proposamena zikloturista elkarteak: 8-14 urte artekoek herriko plazatik Piliku plazara arteko bidea egingo dute, eta gainerakoek, herriko plazatik San Martin ermitara artekoa. "Ibilbide gogorra da baina motza, edonork egiteko modukoa, eta gainera, parte hartzea sustatze aldera, bakoitzak erabakiko du zer bizikleta motarekin egin; elektrikoak ere baimendu ditugu", kontatu du Sarasolak. "Zerbait herrikoia antolatu nahi izan dugu, elkarrekin ondo pasatzeko". Baldintza bakarra kaskoraren erabilera izango da.

1980

Aldapa zikloturista elkartearen sorrera urtea

Gaur-gaurkoz 40 kide ditu elkarteak, denak gizonezkoak, eta zuzendaritzak elkartea herrira zabaldu nahi du eta kide berriak erakarri, batez ere emakumeak eta gazteak.

Uztailean Harora

Bizikleta proba San Pedro egunez jokatuko da, ekainaren 29an, eta izena emateko epea larunbat honetan amaituko da. Animatzen direnek herriko ikastetxeetan, kiroldegian eta Kolon Txikin dute izena emateko aukera. Uztailerako ere badu hitzordua Aldapak, hori elkarteko kideentzat den arren: Harora (Errioxa, Espainia) irteera egingo dute uztailaren 13an, eta elkarrekin bazkalduko dute gero. "Urtero egiten ditugu irteera batzuk; kronoigoera antolatzearen ideia, esaterako, irteera horietako batekoa da. Haroko irteera, berriz, aspaldian ez zen egin, nahiz eta Aldapan ohitura hori egon izan zen lehenago; ohitura hori berreskuratzea da asmoa".

Urtean zehar "talde txikietan" batu ohi dira, eta halako irteeretan, talde handiagoa biltzen saiatzen direla azaldu du Sarasolak. Taldeak oraintxe berritu du ekipazioa ere, eta Sarasolak dei egin die herriko bizikleta zaleei, elkartera gerturatu daitezen, afizioa egon badagoelako. "Erabat irekia da taldea, edonork parte har dezake".

Aldapa elkartekoen argazki zaharrak

Aldapa elkarteak artxiboko irudi batzuk utzi dizkio Gukari. Arantzazun ageri dira argazkietako batean, Haron ere bai, 1990eko hamarkadan Goiko Kalen egindako kronoigoeran...

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide