Puntuka

Europa

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' 2026ko uztailaren 23a

San Joan suaren bueltan dantzan, Urrestillan. (Aitziber Arzallus)

Jesus Mari Olaizola Txiliku-k gaurko Guka egunkariko Puntuka atalean idatzitako iritzia da honakoa.

Lerro hauek idazten hasi baino unetxo bat lehentxeago jakin dut Espainiako selekzioak Munduko Futbol Txapelketako finala jokatuko duela, atzo Frantziakoari irabazi ondoren. Ez dit axola handirik, okerrenera ere zer gerta daiteke, finala ere irabaztea?

Kontuak kontu, beste behin ere gure espainoltasuna etorri zait gogora. Badakit partidu horren aurretik jendea euskal selekzioaren alde manifestatu dela, badela euskal selekzioa sutsuki bultzatuko duen jendea, baina... zenbat euskaldun Espainiako selekzioaren alde? Euskaldun asko omen daude. Beti dago aitzakia norberaren jokaera justifikatzeko. Hobe horiek irabaztea ingelesek edo argentinarrek baino, ez da hala? Donostian, Iruñean, Gasteizen –agian, baita Bilbon ere– jarriko omen dituzte pantaila erraldoiak denek (la hinchada española, esan du norbaitek) izan dezaten aukera futboleko erritoetan parte hartzeko.

Euskaldunok (batzuk, bederen) urteak daramatzagu gure euskaltasuna erakutsi nahian espainolei eta frantsesei. Aipatzen ditugu hizkuntza, kultura, ohiturak... Beti hor ibili behar dugu argituz gure izateko era gu euskaldunak garela sinets dezaten (edota sinets dezagun). Jo dezagun oraingoan horixe esplikatu behar diogula norbaiti, eta norbait horrek Donostiako pantaila erraldoiaren aurrean Espainiako selekzioaren partida ikusten ari diren euskaldunak dituela eredu. Tira. Zail samarra izaera propioa dugula sinesten, ez da hala? Beraz, gaur, gure euskalduntasunaz hitz egin ordez, gure europartasunez ariko naiz. Errazago izango zait, beti ere.

Gure herrian irauten dute, oraindik, antzinako ohiturek eta erritoek. Udako solstizioarekin lotura dutenak, esaterako. Gure kulturaren bereizgarritzat har genitzake, nolabait. Udako solstizioa da urteko egunik luzeena –edo gaurik laburrena–, eta horrexegatik gau magikoa da, berezia. Gau horretan naturaren indarrak bereziki eragintzaileak dira, eta sua eta ura indar horien elementu nagusiak. Lehen, suak pizten ziren edonon, eta haien gainetik salto egiteak energia erakartzen zuen urte osoa sasoian egoteko, egunsentiko ihintzak –biluzik zelaietan paseatzea gomendatzen dute– osasuna ziurtatzen zuen, eta egunargiarekin batera joan zitekeen galtxagorriak harrapatzera iturburu batera, beti ere ur korronterik zeharkatu gabe. Magiak. Etxeetako ateetan jarritako lizar adarrek etxe horiek zaintzen zituen, eta ihintzetan osasunaren bila joan zirenek eguzkia nola jaiotzen zen begiratzen bazuten, konturatuko ziren egun horretan dantzan esnatzen dela Eguzki amandrea. Beste hainbat kontu ere badira gau labur horri lotuak: egun horretan bildutako belarrek sendatzeko adur berezia dute, zenbait herritan lore sortak osatu eta bedeinkatzera eramaten ziren, bezperan egindako sutatik ilinti bat hartzen zen soroak bedeinkatzeko, kantatuz: "Gure soroan lapurrik ez / badaude ere erre bitez. / Piztiak, zapoak, sugeak, erre, erre / eta peste txarrak erre, erre".

Eslaviarren mitologiaren arabera ere, naturak bere indarra hedatzen du udako solztizioan, eta hainbat erritorekin –debekatuak sovieten garaian– ospatzen zuten hori: ihintzetan bustitzen zen jende gaztea eta ihintza edan, sendagai indartsua zela uste baitzuten; gau horretan zuhaitzek elkarren artean hitz egiten omen zuten, eta leku hobeetara joateko planak egin; garoak gau horretan bakarrik loratzen omen ziren, eta lore horiek jasotzen zituenak altxorrak eskuratzeko balia zitzakeen... (hemen galtxagorriekin antzera). Gau hori sozializatzeko egokia omen zen –ligatzeko esango genuke gaur–. Iturri, putzu eta erreketan bainatzea ohitura zen. Sua ere egiten zuten bezperako gauean eta su gainetik salto egin. Ohikoa zen neska gazteek loreak bildu eta koroak egitea, eta baita panpinak ere, gero errekan edo ibaian utziz, urak eraman zitzan. Opilak eta opil gozoak egokiak ziren goizean, indarrak berritzeko.

Alegia, eslaviarren artean euskaldunok aise moldatuko ginatekeela, San Joan bezperan, behintzat. Edota, beste edozein bezain europar izan gaitezela geure euskaltasunari eutsiz (eta pantailaren aurrera joan gabe).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide