Puntuka

Arrastoa

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' 2025ko urr. 16a, 09:30

Argi-oilar arrunta. (Wikipedia)

Jesus Mari Olaizola Txiliku-k gaurko Guka egunkariko Puntuka atalean idatzitako iritzia da honakoa.

Badugu halako berezko joera bat pentsatzera garamatzana gauzak hobera doazela; esate baterako, pentsatzen dugu lehen baino aurreratuagoak garela, ikasiagoak, gure arbasoak izan zirenak baino jakintsuagoak, "zibilizatuagoak" eta ez dakit beste zenbat gauza gehiago. Ez dut esango erabat okerra denik iritzi hori, baina beldur naiz gauzak ez direla erabat horrela. Esaterako, nik uste nuen (gure inguruko mundu hurbilean, behintzat) zientziaren inguruko argibideak ematen zirenean dagoeneko baztertuak zeudela azalpen kreazionistak. Ez, bada! Oker nenbilen!

Bertan hazitako tximeletak erakusgai zituen lorategi handiko tximeleta-etxe batean kalitate oneko bideo-erreportajea zegoen ikusgai, etxearen sotoko gela batean. Oinarrian tximeletei buruzkoa zen erreportaje hori, baina tximeleten edertasuna eta haien metamorfosia aitzakia hartuta, mezu kreazionista garbia zabaltzea zuen helburua. Gauzak ez dira asko aldatu zenbaitentzat: lehengo lepotik burua.

Beste zenbait kontu, axaleko kontuak gehienetan, aldatu egin dira, ordea, eta ez beti modu egokienean. Kanpoan ibili gara joan den aste horretan, eta turismo bulegoetan behin baino gehiagotan esan digute dagoeneko ez dutela esku-planorik egiten, informazioa (dena, guztia, nahi adina...) gure sakelakoekin lortu dezakegula paperen beharrik gabe. Hori da mezua. Zure mobil horretan duzu dena. Hor gorderik eraman dezakezu hegazkineko txartela, egingo duzun bidaiaren ibilbidea, zure diruen gordailua, beste inork baino zehatzago ager diezazukeen informazio orokorra...

Gero, gerta dakizuke hegazkineko txartela ez duzula behar bezala deskargatu eta ez duela harrerako atekila irekitzen eta norbaiten laguntza eskatu beharrean aurkituko zara, sekulako inozo aurpegiarekin, edota, munduko zentzu guztiarekin, autobusean ez dutela onartzen ordainketak bizum erabiliaz egiten. Aldaketen eragozpenak.

Baina gizarteak beti asmatuko ditu aitzakiak egiten ari den hori justifikatzeko. Halaxe esan zigun (planoak paperean inprimaturik ez edukitzea justifikatzeko) turismo bulegoko enplegatu batek: "Ingurumena babesteko da. Horrela ez ditugu hainbeste zuhaitz bota behar...".

Tira, ez da gezurra. Zuhaitz gutxiago bota behar, paper gutxiago erabili eta ingurua gehiago zaindu. Ez dago gaizki!

Gaizki dagoena bestea da: ez digutela esaten nolako aztarna ekologikoa uzten dugun, nolako arrastoa dagoen gure atzean sakelakoa erabiltzen dugun bakoitzean, informazioa sarean sartzen dugun bakoitzean, zerbait "lainora" igotzen dugun bakoitzean, eginkizun, festa, gertakizun edo txorakeria bakoitza sare handi horretara zabaltzen dugun bakoitzean... Ez baita arrastorik gabekoa gure erabilera, mezu bakar bat bidaltzen dugun bakoitzean kutsatzen eta zurrupatzen ari baikara gure planeta.

Horretan, gizakiok argi-oilarraren antzekoak izan beharko genuke.

Esan ohi da argi-oilarra kantari txarra dela, kiratsa dariola, eta zikina eta zabarra dela, baina, era berean, hegazti ederra, ederra oso. Gizakiok ere berdintsu: zaratatsuak, alde guztietatik kutsadura eta zaborra darigunak, zikinak eta zabarrak (eta ez dakit argi-oilarra bezain ederrak). Bestalde, argi-oilarra omen da egun berriaren argia lehen sumatzen duen hegaztia, eta besteak baino lehenago jotzen omen du kantua. Gainera, eta hau da benetan guk ikasi beharko genukeena, argi-oilarrak, nahi duenean, isatsarekin ezabatzen omen ditu egindako urratsak eta arrastoak (ehiztariek edo etsaiek ez dezaten jakin non egon den, eta, batez ere, norantz abiatu den ihesi).

Geuk ere ikasi beharko genuke horrelako zerbait egiten, gure arrastoak edo gure aztarna ekologikoak saihesten, edo, behintzat, ahalegindu ahalik eta txikiena izan dadin; desagerrarazi gure arrastoa, gure ikur zikin hori ezabatu, igarotako urte zahar guzti horietan egindako kalteak zuzendu, gainditu, eta geure bidea berreraiki; lehena ahantzi gabe orainari aurre egin gezurrak eta erdizkako egiak sinetsi gabe: aurrean daukagun lan handi horri benetan heldu.

Nork ez du argi-oilar arrasto-ezabatzaile bihurtu nahi?

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide