Puntuka

'Fiat lux'

Abenduaren 3an piztu zituzten Zarautzen Gabonetako argiak. (Aritz Mutiozabal)

Hona hemen Jesus Mari Olaizola Txiliku-k Urola Kostako HITZAren Puntuka atalerako idatzi duen artikulua.

M­eza latinez ezagututakook ez genuke, beharbada, zailtasunik izango izenburuko fiat lux horren esanahia ulertzeko, baina beldur naiz gaur egungo jende askori arrotza zaiola. Urte askotan Eliza Katolikoarentzat Bibliaren latinezko itzulpena (Vulgata) izan zen oinarrizko liburua. Han, lehenengo liburuko (Genesis, Hasiera) lehen atalean, 3. bertsikuloan dator: Dixique Deus: Fiat lux. Et facta est lux. Beraz, Vulgataren arabera, kreazioaren lehen egunean esan zuen Jainkoak: «Fiat lux, izan bedi argia», eta izan zen argia.
Gaur egun, Gabonak hurbiltzen ari diren neurrian fiat lux esaten dute herrietako agintariek, eta izaten da argia franko gure herrietan. 

Gurean, Zarauzko Udalaren oharra iristen da lehenengo, etxeetako ezkaratzetan zinta itsasgarriz ateari erantsita: «Urtero bezala Gabonetako argiak jarriko direla jakinarazten dizuegu. Lanak…».
Horrelaxe hasten da oharra, eta «barkatu eragozpenak» esanez amaitu. 

Hertzainak azken berpizkundeko emanaldietan ari den une honetan, Kontrola! abestia datorkit burura: Barka itzazu eragozpenak, sentimos causarles molestias, zure segurtasunerako ari gara lanean…

Eta barkatzen dizkiegu eragozpenak, eta handik denbora luze ez dela irakurtzen dugu, hementxe bertan, Urola Kostako Hitza egunkari honetan bertan, argibide gehiago argiei buruz, urteroko fiat lux ezinbesteko horri buruz: «Joan den astean hasi ziren Gabonetako argiztapena jarri ahal izateko beharrezkoa den kableatua lotzen herrigunean, eta igandean hasi ziren apaingarrien muntaketa-lanekin. Aurten, Espainiako Iluminaciones Ximenez enpresak irabazi du lehiaketa publikoa, 48.620 euroko (BEZ barne) aurrekontuarekin. (…)».

Arraioak! Iluminaciones Ximenez! Punta-puntako enpresa omen; 75 urte baino gehiagoko esperientzia duena sektorean, eta euskal hiriburu gehienetako, Vigo, Madril edota Bartzelonako Gabonetako argiak irazeki, piztu eta isiotzen dituena! Fiat lux!

Eta ez al zegoen hurreragoko enpresarik gure argiak pizteko? Ai, barkatu, ahaztu zitzaizkidan hitz magikoak: lehiaketa publikoa irabazi du!

Kondairak dioenez, Zegamako Otzaurte geltoki bakartia garbitzera madrildar bat etortzen zen (ez dakit egunero edo astero) Madrilgo enpresa batek irabazi zuelako Renfeko geltokiak garbitzeko lehiaketa publikoa. Madrilen trena hartu, Otzaurteraino joan, geltokia garbitu eta hiriburura itzuli arratsalderako, trenez, eta gure kontura. Pentsatu nahi dut, bide batez, Brinkolakoa, Zumarragakoa eta Beasaingo geltokiak ere garbituko zituela, baina «lehiaketa publikoa» bikoteari distira apur bat kentzeko adibide bat jartzearren izan da. 

Ustelkeriaren mamua handitzen den neurrian, agintariek gardentasunaren itxura indartu nahi izaten dute, eta edozein txikikeriari lehiaketa publikoaren etiketa ipini. Hala bedi, baina beldur naiz gaitz bat ez zuzendu eta beste bat ekarri egiten duela horrek.

Tira, baina goazen aurrera!

Zarauzko Udalak zehaztu du kontsumo baxuko LED bonbillak soilik jarriko direla energia kontsumoa jaisteko, ohi baino astebete geroago piztuko dituztela argiak eta egunero ordu erdiz murriztu argiak piztuta egongo diren denbora. 

Bejondeizuela! Hori da planeta zaintzen aritzea! Kontzientzia garbi sentitzen dut herritar gisa! 

Neuk ere itzaliko dut berogailua ordu erditxo batez arratsaldean edo gauean, eta gasezko galdara erabili ordez, egur peletizatuzkoa jarriko dut, baso iraunkorretako biomasarekin egindako erregaia erabiltzen duena. Eta kanarioari ura murriztuko diot, gehiegitxo kontsumitzen duela iruditzen zait eta.

Aizue, ba al dago inor benetan sinetsita dagoena larrialdi klimatiko baten aurrean gaudela, eta buruari beste buelta bat eman behar diogula kontsumismo eroetatik ihes egiteko? Aizue, ba al dakizue ez dagoela B planetarik?

Horiek guztiak horrela, denoi opa dizkizuet neguko solstizioko festa zoriontsuak. Ondo pasatu!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide