0.-ri

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Loiola 2020ko api. 2a, 09:37

Argazkia: Nerea Loiola.

Leihotik begiratu ahal izateko, besoetan hartu zaitzadan eskatu didazu. Ez duzu hormigoia edo asfaltoa ez den beste ezer ikusiko balkoirik gabeko gure etxe honetatik, kalea; baina berdin zaizu, esploratzailerik handiena zinen unean txikitu dizute mundua, eta zuk, bermatu nahi duzu ezagutu zenuenak hor jarraitzen duela. Leihoa ireki dut, eta lorontziak dauden koskatxoan eseri zaitut; estu heltzen dizut O., asko mugitzen zara eta beldurra ematen dit zu hor egoteak, orain artean inoiz eseri ez zaitudan koska horretan. Baina orain artekoak esanahia galdu du. Besoa luzatu duzu eta kalea seinalatu didazu, duela gutxi egiten ikasi dituzun soinutxo batzuk erritmikoki errepikatuz. Ulertzen dut zer esan nahi didazun, eta sinistu nahi dut, sinistu beharra daukat, zuk ere ulertzen duzula nik esaten dizudana.

Ulertzen duzula esaten dizudanean kartzela zigor hau ez dizudala nik ezarri, ez ditudala zure beharrak ahaztu, eguneko ordu guztiak zaintza-orduak bilakatu zaizkidan honetan, saiatzen naizela zuri eta zure anaiei behar duzuena eskaintzen. Zuek irribarrea ez galtzea bihurtu dela nire helburu bakar ia. Konfinamendua errespetatzen ari naiz, baina gertatzen ari diren gehiegikeria antidemokratikoez ohartzen naiz; eta zuekin, haurrekin, egiten ari direna oso krudela da.

Behar dut sinistu ulertzen didazula esaten dudanean hau guztia pasatuko dela, ez dela betirako horrela izango. Zure hamabost hilabeteekin denboraren nozioa beste bat den arren, badakizula etorkizun bat dagoela, eta bertan dagoela etxe ondoko parkea, Lukunetik behera dagoen erreka-zuloa eta nola ez, hainbeste maite dituzun putzu-zuloak.

Esadazu ulertzen duzula, udara baino lehen, Amamak eta Aitxitxak berriro ere besarkatuko zaituela, beraien muxuak ordenagailuko pantailaz haratago iritsiko direla; Aitonaren belaun gainean trostan ibiliko zarela baratzea porrurik gabe geratu aurretik; laster laztanduko duzula K. zure lehengusinaren aurpegi leuna eta elkarri irribarre egingo diozuela zuen sudur txikiek txoke egitean. Ulertzen duzula Txapas eta Marije ez direla betirako mugikorrean sartu; udaberriko goiz eguzkitsu eta epel batean Lakarin ikusiko ditugula, eta agian, kafe bat hartuko dugula beraiekin, egun hauetan transmititu diguten poza eta animoa hitzez eskertu nahiko diedalako.

Erosketak egitera joan behar dut, eta zapatak janzten ari naizela ikusi duzunean, zure bota pare txikia eskuetan etorri zara niregana. Bihotza arrakalatu didan ezezko bat erantzun behar izan dizut, eta joan egin zara, baina berehala zara bueltan zapatila beltz batzuekin. Lehertu zait barrua nire ezetzarekin minduta eskaini didazun begiradarekin. Dendara bidean, bi aldiz geratu behar izan dut malkoak lehortzeko eta lasaitzeko. Sinistu nahi dut ulertzen duzula esaten dizudan guztia, baina nola ulertuko duzu bada hamabost hilabeterekin neuk 35 urterekin ulertzen ez dudana. Arduragabeak eta geurekoiak garela argudiatuz gehiegikeriaz jokatzen ari dira, izu orokorra baliatuz infantilizatu egin gaituzte, alarmismo belikoa erabiliz menderatu, beste behin ere. Sikiera guzti honek zaintza, eta hau bezala bigarren maila batean dauden hainbat gai mahai gainean jartzeko balioko balu. Horretarako, baina, kapitalismoaren gurpila gelditu egin beharko litzateke lehendabizi, eta une hauetan, inoiz baino azkarrago biratzen ari dela iruditzen ez zait ba.

Egurrezko piezatxoekin dorre bat egin nahian zabiltza eta baztertuegi jarri duzun batek eraitsi egin du guztia, begiratu egin didazu, serio; nik begirada mantendu eta maite zaitudala esan dizut, maite zaitut O.. Irribarre egin didazu, zabal eta lasai, ez dituzu nire hitzak ulertzen, baina bai nire gorputzak diotsuna, eta ni besarkatzera etorri zara. Ezin diet malkoei eutsi. Zure lekua hartuko nuke posible izango balitz. Ez dakit esaten hau guztia noiz pasatuko den, baina izan ezazu gauza bat ziur: osasuntsu zainduko zaitut, baita legearen aurka egin behar badut ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide