Deskargua

Erabiltzailearen aurpegia Jon Artano Izeta 2022ko urt. 27a, 08:30

Galtzontzilotan itzuli naiz etxera bart arratsean. Herri erdia pasatu dut oinez. Ez dago, ordea, inork bertsoak jartzeko beldurrik…". Duela bi urte, justu, txoko honetan idatzi nituen lehendabiziko esaldiak horiexek. Efektista da hasiera. Mezu naturalik ez du lehendabiziko artikulu hark baina aurretik, badaezpada ere, amua. Itzulera jarri nion, Ameriketan egindako hiru urteko bizialditik bueltatu berri samarra nintzelako. Orain, txeroki zaharren moduan, "lehenbiziko arte!" esatea dagokit, itzuleraren itzulera egin behar baitut: denboraldi baterako Ameriketara noa.

Din don din, irakurleari oharra:
Izenburua eta lehen paragrafoa leituta akordatu ez baldin bazarete, hara: hau nire azken artikulua da hemen. Bai. Badakit. Niri ere kakagura pixka bat ematen didate despedidako zutabeek. Baina zer nahi duzue esatea? Ez naiz Angel Erro; ez zait beste ezer ere okurritu. Dena dela, izan fede pizar bat. Jokaldirik onenak biltzen ahaleginduko naiz. Eta bola extra-ren bat ere bai, akaso. DIN DON DIN.

Hogeita pare bat artikulu izan dira, 23.a hauxe. Gorriak ikusi ditut horietako batzuk idazteko. Gorriak eta beltzak eta marroiak gainontzekoekin. Gai potolo guztiez ziurtasunez iritzia eman ohi duen zutabegile mordoa dago. Nik, berriz, ziurra izaten dudan bakarra duda ohi da. Zalantza partitzeko ere bai. Eta zerbaiti buruz iritzi sendo-antzekoa dudan apurretan, orduan ausardia urri. Inor leziatzeko kapaz ez naizenez, zuek libertitzen ahalegindu naiz. Istorio kontatzen. Emozioak dantzarazi dizkidaten kontuak ekarri dizkizuet. Sarritan eskualdeko jendea jarri dut protagonista, jende xehea gauza harrigarriak egin dituena. Baina mundu mailako mitoak ere sartu ditut orriotan: Amalia Rodrigues, Maradona, Drakula, Woody Allen, legionario erromatarrak… betiere Ortzaikatik Aizpurutxorako mundutxo honekin josturan.

Egoera beste bat balitz segi nezake, akaso, beste pixka batean hileroko zitarekin. Aizpurutxo aipatu dut eta hango San Agustin taberna etorri zait gogora… Arantxak kozinatutako tripakiak. Marabilla. San Agustinen tipoko bentei oda bat idaztea zor diet, aspalditik darabilkit hori gogoan… Ortzaikatik bertan dago berriz Mapil baserria. Han eraiki zuten San Jose galeoia, 1698an. Kolonbian izan nuen horren berri. Izan ere, Orion itsasoratu eta bederatzi urtera, Cartagena de Indias parean hondoratu zen ontzitzarra bataila anker baten ondoren. 2015ean San Joseren hondarrak aurkitu zituela iragarri zuten Bogotako agintariek, eta geroztik hor dabiltza disputan Estatu Batuetako altxor bilatzaile profesional batzuekin…

Jarraitu nezakeela esan dizuet baina ez dut jarraituko. Beste lan batzuetan sartu behar dut orain gorputz eta arima. Bihar hamabost Buenos Airesera hegaldia hartuko dut, eta sei hilabetez Andeak korrituko ditut, ahal dela Suaren Lurraldetik Kariberaino. Joan den mende erdian Euskal herritarrek mendikate horren jiran bizitako istorio batzuk jaso nahi ditut. Eta gero liburu bat idatzi nahi dut han bildutakoekin. (Pistarik eman nahi baldin badidazu, idatzi lasai: jonartanoizeta@gmail.com).

Eskerrik asko Hitzari konfiantzagatik, eta entregatarako nire berantiarrismo sendaezina estoikoki jasateagatik. Eta eskerrik asko nireak irakurri dituzuenoi.

Dozena bat urte izango dira. Hitzetik Hortzeran ari nintzen, eta Alaia Martini idatzi nion bertso-sorta bat eskatuz. Argentinan bederatzi hilabete zeramatzan Martinek, eta herrialdeaz seko maiteminduta zegoen. Bideo-pieza zoragarria bidali zigun bere sentimendua deklaratuz. Sorta hartako azken-aurreko bertsoa da hau:

Begiak bete zaizkit usaiz,
bisaiz, nahiz ta paisaiz,
Argentinan jaio nintzela,
iruditzen zait maiz.
Agian na(ha)stu naiz bizitzaz,
lekuz eta garaiz…
Ez dakit hara edo hona,
baina itzuliko naiz.

Ba horixe, itzuliko naizela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide