Agirretarrak, Jabier –medikua– eta Ramon –aktorea– ezagutzen nituen. Irratiko lan bat egitera joan naiz Donostiako Antzoki Zaharrera eta Martin ezagutu dut. Antzerki munduan dabil hau ere, ekoizlea da. Fenomenoa. Atera naiz teatrotik eta beste anaia aplikatu! Falta zitzaidana: Paulo. Adarjotzaile petoa hau ere. Martini whatsappa bidali diot, familia bazkaritan lekutako katxondeoa izango dutela esanaz… bere erantzuna: "Arreba horregatik zeukaagu psikiatra".
Balezta, Itzurungoa. Han dabil oraindik, urertzean. 40 zentimetro izan omen ditzake bitxoak, aho handia eta hortz zorrotzak, moluskuen maskorrak kraskatzeko kapaz… 30-40 lagunei egin omen die hozka. Berriz etorriko zait bildurritoa lagunik gabe sartuz gero itsasoan, Malkorbeko buia-soka baino harago joan ez arren.
Carné, Nacional de Identidad. Han joan naiz berritzera Urumea pasealekuko Poliziaren egoitzara. Etxean karneteko argazki mordoa dauzkat eta horietako kuriosoenak-edo hartuta. Poliziak: "Ha traído Ud. foto?". Nik baietz, eta da! argazkia eskura. Eta tipoaren begirada, ping pongeko pilotaren pare, nire argazkitik karnet zaharrera joan-etorrian, ezin sinestuta bezala. Azkenean, begietara begiratu eta bota dit: "Con esta foto no le puedo renovar el documento". Eta... "pero, por qué?" nik. Eta: "Mi alma, me ha traído la misma foto del carné caducado...".
Dentistarenera bueltaka ibiltzea tokatu zait, Anasagastiri ere ez diot opa.
Ebakuazioa. "Herio batean joan ziren azken orduak, iparramerikarrak eta kolaborazionistak edo errepresalien beldur zirenak jo eta ke ari ziren azken helikopteroan leku bat lortzeko". Manuel Leginetxeren El camino más corto bidaia-liburua leitu dut udan. Saigon erori zenekoaz ari da, Vietnamgo gerraren azkenaz.
Festak. Ez omen dauzkagu, baina...
Guggenheim. Hala esaten diote Zestoan tabernak itxi ostean gazte-jendea elkartzen den lekuari, kiroldegi atariko estalpe xelebre horri. Joan den asteburuan lekutako festa izan zuten, eta orain Zestoako Udalak erabaki du asteburuko kontzertua eta tabernen itxiera aurreratzea.
Hidrogenoa. Garagardo mordoxka bat edanda geundela herriko bi gaztek eman zidaten ikasgai magistrala hidrogenoaren propietateez, fusioaz,
fisioaz eta etorkizuneko aukerez. Haluzinantea.
Infragorri-kamera. Hidrogenoaren berriketaldiko mahai buelta berean, pixka bat lehenago, beste gazte bat gaueko ikusmendun kamera batez beren baserritik gertu grabatzen dituen piztiez aritu zitzaidan. «Adarra jotzen ari al zait?» pentsatu nuen, mugikorrean basurdeen imajinak erakusten hasi zitzaidan arte.
Julen, kanpinekoa.
Koldo, eta Joey: Baserriloreak proiektukoak. Izarraitz magalean bizi dira, Arumarrate izena duen etxe zoragarri batean. Ez zait ahaztuko irratitik egin genien bisita, aurki bueltatuko gara, mikrorik gabe.
Labi. "Oraintxe bertan, fikziozko eduki onenak dituen plataforma". Alberto Moyano (@eljukebox) kazetariak Twitter-en. Grazia egin dit.
Martxialenekoa. Azpeitiko Guggenheim. Hor ere egin dituzte festa latzak.
Nazka. Batek baino gehiagok hitz horixe aipatu dit Donostian ibili den jendetzagatik, turistengatik. Geu akordatzen al gara hor zehar joatean nazka eman dezakegula?
Ñua, Zestoakoa. Isildu ere egin gabe ari zen, erretolikan; halako batean, Mollergik bota zion: "Ba al dakik zer? Ñu bat ematen duk!". Ez da, juxtu, uda honetakoa, baina…
Oporrak, gehienoi bukatu zaizkizuenak, saminean lagun nauzue.
Poligoneroa, bortxa.
QR. Bere Covid ziurtagiria daraman QR kodea besoan tatuatu du Andrea Colonnetta italiarrak.
Ruffalo, Mark. Bera da oso aspaldian ikusi dudan ikus-entzunezko onenean protagonista: I Know This Much Is True izena du serieak, HBOn daukazue.
Soziedadea, Abadiñoko Atxarte. Hiru lagun bazkaritan ari gara. Han azaldu dira 70 urte bueltako bi gizaseme afaritarako mahaia atontzera. Akordatzerako ondoan jesarri eta euren gazte garaitako parrandak kontatzen hasi zaizkigu. Udako deskojono handiena.
Txakurra. Silveirak Zubiari.
Ulia mendiko Polboriña taberna. Bai, badakit aspalditik ezagutzen zenutela, baina ni joan den asteburuan iritsi naiz estreina.
Valladolid. Hango unibertsitateko arkeologo talde bat aritu da Erlon indusketa batean. Antxietakoak ondoan zituzten, jakina, eta «ikasketa magikoa» izan dela esan dute.
WTF. "Baina Ze Ostia!?" Luarcan, Asturiasen. Kaiko taberna bateko terrazan. Kamareroak mahaian tortilla pintxoa utzi ahala kaio batek eraman zigun mokoan, pterodaktilo bat bailitzan.
X. Ez dakigu oraindik noren alde egingo dugun apustu. Kontxako sailkatze estropada gaur. Uda amaierako erritua.
Y. X jakin gabe nola jakin Y zer izango den!?
Zuazua. Plentziako taberna. Errekorra. Botila sagardoa bederatzi euro t’erdi kobratu ziguten.