Komediante karabana

Erabiltzailearen aurpegia Jon Artano Izeta 2021ko eka. 17a, 10:30

Zestoan trebatutako aktoreak 'Florida' antzezten. 2019an, 'Berria'-ko kritikari Agus Perezek "herri antzerkiaren tximista" sentitu zuen obra ikustean. (Eromen Produkzioak)

BARNE. ARTANO-ENEKO SUKALDEA. GAUA.
Ama afaritarako zerbait kozinatzen ari da, semea hozkailuan zerbaiten bila.
AMA: Antzerkian hasi behar omen duzu…
SEMEA: (harridura pittin batez, baina arreta hozkailuan mantenduz)… Bai, nola dakizu?
AMA: Arantxak esan dit.
SEMEA: Aa.
AMA: (irribarrez) Nik ere eman dut izena.
(Semeak amari seko harrituta begiratzen dio)

…tipo horretara jakin nuen gure amak eta biok Zestoan sortzekoa zen antzerki eskolan izena eman genuela. Duela hamar urte izan zen hori. Kapritxoz eman diot gidoi itxura hasierako dialogoari, baina gogoratzen dudan modu berean jaso dut.

Nik ez nuen aktore izateko pretentsio txikienik ere, baina barruntatu nuen han ikas nezakeenak on egingo zidala. Neurekoikeria izan nuen, beraz, antzerkigintzan hasteko akuilu. Gero jabetu nintzen, horrelako esperientzia batetik norberak asko hartu dezakeen arren, taldeak jasotzen duela gehiena; eta, bueltan-bueltan, herriak.

Hamabost lagun elkartu gintuen patuak. Adin, pentsaera, lanbide, eta joera mazedonia bat. Eta irakasle bat: Amancay Gaztañaga. Zuzendari zorrotza. Estreinako egunetik argi ikusarazi zigun hura ez zela denbora-pasa hutsa izango; han ez zuela balio iji eta aja egiteak bakarrik. Exijitu egin zigun. Bakarrik joan nahi ez zuen lagun bati «mesedea» egiteagatik izena eman zuen kide batek gerora aitortu zidan zer izan zen hasiera hura beretzat: "Ni orduan maratoia egiteko entrenatzen ari ninduan. Eta entsegu egunetan hamabost kilometroko saioa eginda baino okerrago ailegatzen ninduan etxera, zisko eginda". Nekea, baina, ez zen fisikoa bakarrik. Denok pasatzen genuen tratua agertokian, besteen aurrean, geure emozioak eta sentipenak azaleratzeko ariketa haietan. Antzerkia, azkenean, giza emozioen esplorazioa da. Eta bilatze hori herrikideekin egitea, aurretik kalean "iep" eginaz baino agurtzen ez duzun tipoko jendearekin (beno, nire kasuan ama ere bai #hilnazazukamioi), elkarrekin hunkitzea, barre eta negar egitea, lekutako esperientzia da. Horregatik izan zen hura egundoko ikasturtea: elkar ezagutzera bultza gintuelako.

Hala ere, ez deskuidatu, dena ez zen hain ‘dramatikoa’ izan, jolasetik ere asko izan zuen. Ibili ginen lurrean jiraka, saltoka, arnasestuka… Eta, pentsatu ezazue segundo batez, noiz egiten dugu helduok jolas? 50 urteko aldea bazen zaharrenen eta gazteenen artean, eta igurtzi hori denontzat da mesede. Eta beste kontu azpimarragarria, neurekiko: gaztetan zirrikiturik ere utzi ez zieten emakume helduei beren talentua lantzeko aukera eman die. Zenbat ekimen daude gurean 50 urtetik gorako andreei plazako erdigunea hartzen uzten dietenak?

Amancayk konpromisoa eta diziplina eskatu zizkigun. Eta konplitu egin genuen. Eta taldea sortu genuen, bakoitzak beretik eginaz ekarpena. Eta herriari erakutsi genion gure lana Txehov, Garcia Lorca, Brecht eta Miller-ek idatzitako zenbait eszena taularatuz.

Asteon entzun diot Iruñeko Katakrak guneko Nerea Fillati zein inportantea den beretzat "jende ezberdinarekin proiektuak egitea", eta nola asko kezkatzen duen "zein homogeneoak garen bai sozialki bai politikoki". Ondo ari da. Jeneralean, kuadrillan, kalean, denean… geure antzekoengana bilduta gabiltza. Eta aberastasuna desberdintasunak ematen digu.

Hasierako hamabost haietatik hiruk, eta irakasleak, baino ez dute jarraitzen. Baina orain 30 ikasletik gora dira, erdia pasa kanpokoak. Azpeikoitia, Zumaia, Zarautz, Donostia, Arrasate… Irundik ere etorri izan da ikasleren bat, astero-astero, eskolara. Mirari txiki bat da Zestoako Arte Eszenikoen Eskolak lortu duena. Hortik pasatako zenbait profesionalki ari dira aktore ofizioan, gidoigintzan… sariak eta aitortza ere jaso dituzte.

Hilaren 28an hasiko da ZAA!, Zestoako Antzerki Astea. Iluntzen, Atzerrian lurra garratz eta Fadoak entzuten zituen gizona obrak interpretatuko dituzte. Eta bertako taldeak Guateke estreinatuko du. Berdantzabart entsegu orokorraren azken zatia ikusi ahal izan nuen. Musikal esperpentiko xamar bat da. Aktoreek obra ‘berde’ dutela diote. Urteroko kontua sasoi honetan. Garaiz onduko dute. Florida lana Lili palazio gotiko atarian jokatu zuten. Eta ba al dakizue non egingo duten Guateke? Caravan Parkeko pabilioian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide