Gutuna: Badatoz Andramaixek, herriko festak eta Azkoitia ilune

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2015ko uzt. 21a, 18:35

Iraitz Otaño Mujika Beste urte batez iristear da abuztua, han eta hemen festaz beteriko hilabetea izan ohi da Euskal Herrian eta gurean ere tokatzen da. Denontzat ezagunak diren Andramaixek, festaz gozatzeko, -edo nazkatzeko-, bost egun izaten ditugu azkoitiarrok. Askok uda sasoiko oporretan ingenieritza planak egiten dituzte festak ez galtzeko, beste batzuk alderantziz, ordea, herritik geroz eta urrunago egon hobe. Nue, oraindik behintzat, lehenengotarikoa naiz, herrimina sortuko lidake egun horietan hemendik kanpo egoteak, baina ez Andramaixengatik, herriko festengatik baizik. Esango didazue, baina herriko festak eta Andramaixek ez al dira ba gauza bera? Erantzuna, niretzat noski, ezetz da. Alde batetik, Andramaixek ditugu,  uste dut inork ez duela zalantzan jartzen kristau-demokratez beteriko herri batean bizi garela, ezta? Ba horretara noa, Andramariak ditugu herrian. Estatu laiko eta akonfesionalean bizi garela esan ohi da, baina praxiak argi eta garbi erakusten digu hau ez dela horrela. Azkoitian egon den gobernu aldaketak, beste behin, demokristauez bete digu Udal Gobernua, honen ondoriotariko bat izango da ziurrenik berriro izango dugula Udal ordezkaritza ofiziala Andramaixetan. Traje eta soineko dotoreak armairutik atera eta mezetara joateko garaia izaten da hau bost egunez. Bestalde, herriko festak ditugu, hauek dira herrimina sortuko lidatekeenak nire barnean ez banintza herrian egongo. Herriaren jaiak dira hauek, txoko ezberdinetan egoten diren jolas eta txapelketak, elkarteetan edo herriko plazetan ospatzen diren lagunarteko otorduak edo plazan egoten diren kontzertu eta parrandak. Erlijio kutsurik gabeak denak, trajea atera beharrean koadrilako kamiseta ateratzea eskatzen dutenak eta jendeari poza eta ilusioa ematen digutenak. Eta, azkenik, Azkoitia iluna dugu, bortxa, tortura eta erasoen Azkoitia. Pertsona naiz animalien aurkako iluntasuna. Gogoratzen dudanaren arabera ez da eraso sexistarik egon herrian azken urteotan, ez nik dakidala behintzat. Beste behin horrela pasatzea espero dut abuztua. Baina bestelako bortxak eta torturak gertatzen dira gurean urtea joan eta urtea etorri, hortxe ditugu idi probak eta animaliekin egiten diren beste ikuskizunak. Ziur nago Azkoitiar asko egongo dela Donostian zezenak berriro jartzearen aurka, eta, zorionak horregatik baina, herrian ere baditugu animalia batzuk antzekoa pairatzen dutenak. Hiru aukeretatik nik bigarrena ospatzea erabaki dut aurtengoan ere, lehenengoa errespetagarria iruditzen zait baita ere, estatu/eliza bereizketa eginda, noski! Eta hirugarrena, zer esango dizuet ba... espero dudala datorren urtean lehenengo biak bakarrik izatea eta Azkoitia ilun hori betiko ezabatzea. Ondo pentsatu zer aukeratzen duzuen!  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide