Floreagan irisgarritasuna hobetzeko lehen lanak aurten bertan hastea eskatu dute bizilagunek

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2019ko urt. 11a, 13:23

2019ko udal aurrekontuetan proiektuaren lehen eta bigarren faseak idazteko dirua aurreikusi dute, baina ez obrak egiteko. 2018ko diru soberakinaren zati bat horretarako erabiltzea eskatu dute Floreagakoek.

Atzoko agerraldian parte hartu zuten Floreagako bizilagunak. (Mailo Oiarzabal) Floreagako bizilagunek agerraldia egin zuten atzo iluntzean. Azkoitiko Udalaren 2019ko aurrekontuetan beren auzoan irisgarritasuna hobetzeko jaso denaren balorazioa egin eta horren gainean dituzten eskariak plazaratu dituzte Floreagakoek. Aurtengo udal aurrekontua "zaplazteko bat izan" dela adierazi zuten atzo bizilagunek. Izan ere, Floreagan irisgarritasuna hobetzeko aurkeztutako bost faseko proposamenari dagokionez, lehen eta bigarren faseak lantzeko "ehun mila euro pasatxoko" partida jaso du udalak aurrekontuetan, eta hori ez zaie nahikoa iruditu Floreagan irisgarritasuna hobetzeko lanean ari diren bizilagunen batzordekoei. LKS enpresak udalaren eskariz egindako azterketa aurkeztu zenean esandakoa berretsiz, auzorako proposatzen den irisgarritasun plangintza "ona" iruditzen zaiela berretsi dute bizilagunek. Aurreikusitako bost faseak datorren udal agintaldiaren amaierarako "gauzatuta egotea" ere eskatzen dute, ordea, eta aurtengo aurrekontuetan onartu dutena ikusita, iruditzen zaie "20 bat urte beharko" dituztela lan guztiak osatzeko, eta hori "ez da serioa", Floreagakoentzat. "Lanak gauzatzeko epeetan dago arazoa", bizilagunentzat, ez baliabide ekonomikoetan. Bost urte barru bukatzekotan, beraiek nahi duten bezala, "urteko 400.000 euro jarri beharko lituzke udalak. Erabat egingarria iruditzen zaigu". Guztira, bost faseak bateratuta, bi milioi euroko aurrekontua lukete Floreagan irisgarritasuna hobetzeko proposatzen diren lanek. Lanak aurten hasteko proposamena Lanen zati bat aurten bertan hastea da bizilagunek eskatzen dutena, eta horretarako diru-poltsarik ez du jarri udalak aurrekontuetan. Hori dela eta, eskaera jarri dute mahai gainean Floreagakoek, eta obrak urte honetan hasteko bi proposamen ere bai: lehen eta bigarren faseen proiektuak "lehenbailehen" egitea eta horiek gauzatzen hastea, edota aurreko agintalditik –2015etik, hain zuzen– eginda dagoen laugarren fasearen proiektua eguneratzea eta obrak hortik hastea. Aurrekontuetan bi aukera horiek ez dituztenez jaso, 2018ko diru soberakinaren zati bat Floreagako irisgarritaun plangintzara bideratzea eskatu diote udalari bizilagunek. "Martxoan jakingo du udalak aurreko urteko soberakinaren kopurua. Zenbateko zehatza jakin gabe, kopuru aipagarria izango dela aurreikusten dute", azaldu zuten atzo bizilagunek, eta gogorarazi zuten soberakinaren zati bat Floreagako lanetan erabiltzearen aukera "mahai gainean jarri" zuela alkateak berak. "Maiatzeko hauteskundean baino lehen jakitea espero dugu Floreagako lanetarako zer zenbateko erabiliko duten". Lanak aurten hasteko proposatzen dituzten bi aukerei dagokienez, lehen eta bigarren faseen obrak "batera" egin beharrekoak direla uste dute bizilagunek, "solte eginda ez dutelako irtenbide eraginkorrik eskainiko"; laugarren fasearekin hastea –Floreagaberriko igogailua–, berriz, "irtenbiderik egingarriena" iruditzen zaie une honetan, "proiektua eginda dagoelako", garestiena ere baden arren: "Igogailurik altuena da eta, prpiektuaren eguneraketak kontuan hartuta, 600.000 bat euroko aurrekontua izango luke". Politikarien konpromisoa eta auzotarren parte-hartzea Duela urtebete "ezer ez" edukitzetik, auzoko irisgarritasun arazoei konponbidea emango dien proiektua izatera eta hura gauzatzeko alderdi politikoen "konpromisoa" izatera igaro direla nabarmendu dute Floreagako bizilagunek. Floreagako irisgarritasunak lekua du orain herriko lehentasunen agendan eta pozik daude emandako aurrerapausoekin, baina ez dute etsiko proiektua gauzatuta ikusi arte. "EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk, hirurek, adierazi digute datozen udal hauteskundeetarako programetan jasoko dutela proiektua bere horretan eta eskatzen dugun epean gauzatzeko konpromisoa", diote bizilagunek. Bestetik, lanen proiektuak egiterakoan auzotarrek "parte hartzeko aukera" izatea ere eskatu dute. "Ez gara teknikariak, baina gure auzoa inork baino hobeto ezagutzen dugu", diote. Bizilagunen "iritzia kontuan hartzea" nahi dute, proiektuak ahalik eta eraginkorrenak izateko bidean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide