15.400.000 euroko aurrekontu orokorra izango du Azkoitiko Udalak 2019an

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko abe. 28a, 13:48

Aurten baino 1.300.000 euro gehiago izango ditu udalak datorren urtean. EAJren aldeko botoekin onartu dute proposamena; EH Bilduk eta Azkoitia Baik aurka bozkatu dute, eta PSE-EE abstenitu egin da. Oposizioko alderdiek beren proposamenak kontuan hartu ez izana salatu dute.

Azkoitiko Udalbatza, atzoko osoko bilkuran. (Ihintza Elustondo) Azkoitiko Udalak onartu ditu datorren urterako aurrekontuak. Atzo, osteguna, egin zuten osoko bilkura, eta ia ordu eta erdi iraun zuen eztabaidaren ostean, alderdien adostasunik gabe atera zen aurrera EAJk aurkeztutako proposamena. EH Bilduk eta Azkoitia Baik aurka bozkatu zuten, eta PSE-EE abstenitu egin zen. EH Bilduk eta Azkoitia Baik salatu zuten Udal Gobernuak ez zituela beren proposamenak kontuan hartu. Normalean ez bezala, hogei bat herritar joan ziren atzoko udalbatzarrera. Azkoitiko Udalak 15.400.000 euroko aurrekontu orokorra izango du 2019an, eta 15.673.327 euroko aurrekontu kontsolidatua; Zubiaurre Elkarguneak 835.396, 44 euro jasoko ditu, San Jose egoitzak 68.300 euro eta Azkoitia Lantzenek 199.827 euro. 2019ko aurrekontua aurtengoa baino altuagoa izango da; 1.300.000 euro gehiago izango ditu udalak, eta horrek inbertsio bolumena handitzea ahalbidetuko du. Igoera eragin duten arrazoiak honako hauek izan dira: Udal Finantziaziorako Foru Fondotik jasotako 442.800 euro, Gipuzkoako Urak erakundetik jasotako 738.000 euro, eta Urola Erdiko Mankomunitatetik jasotako 200.000 euro. Udalak inbertsioetara 2.088.860 euro bideratuko ditu; hau da, aurrekontuaren %13,56. Igoerarik handiena Hirgintza Sailak izango du. Inbertsio nagusien artean izango da hainbat proiekturen erredakzioa; 450.000 euro bideratuko dituzte igerileku berriaren, Floreagako 1. eta 2. faseen eta Plaza Berriaren proiektuak idaztera. Halaber, skate, parkour eta kalistenia praktikatzeko parkea ere egingo dute; 125.000 euro jarriko ditu udalak horretarako. Txerloiko tenis pista estaltzeko eta aldagelak eta komunak eraikitzeko 150.000 euro erabiliko ditu udalak. Baserri bideak konpontzeko 200.000 euro aurreikusi ditu, kaleetan LED argiak jartzeko 200.000 euro, Udaltzaingoarentzat auto hibridoa erosteko 38.000 euro eta Basarteko eta Ugarteko industrialdeak berritzeko 487.960,55 euro. Espaloiak berritzeko, berriz, 40.000 erabiliko ditu udalak. Sail bakoitzaren aurrekontuari dagokionez, musika eta antzerki emanaldietarako 26.800 euro gehiago jarri dituzte, eta Gazteria sailera 30.400 euro gehiago bideratu dituzte. Ongizate Sailean, gizarteratzeko, larrialdi sozialetarako eta berdintasunerako partidak igo egin dituzte. Kirol, festa, hezkuntza eta euskara sailak ia berdin mantenduko dira. Udal Gobernuak nabarmendu du "aurreikuspenarekin eta zuhurtziarekin" landu dituztela aurrekontuak, besteak beste, 2019an hauteskundeak izango direlako, eta gobernuan izango den taldeari bideratuta utzi nahi dizkiotelako kontuak. Oposizioaren emendakinak, atzera Oposizioko taldeek zuzenketak aurkeztu zizkioten EAJren proposamenari. Azkoitia Bai herri plataformak bederatzi emendakin aurkeztu zituen atzoko bilkuran; guztiek EAJren aurkako botoak eta EH Bilduren eta Azkoitia Bairen abestentzioak jaso zituzten. Azkoitia Baik 650.00 euroko gehikuntza egitea eskatu zuen, eta besteak beste, Floreagako igogailuaren 1. fasearen obra egitea; errenta baxuko erretiratuei eta pentsiodunei laguntzea; udaleko prentsa zerbitzua Maxixatzenen esku uztea; berdintasunera bidean lan egitea; Urola ibaira plastikoak iristea saihestea; ekintzaile berriei nahiz kultur arloko sortzaileei laguntzea; kultura, festa eta kirol arloko taldeei laguntzea eta etorkizuneko obra handiak nahiz parte hartzea sustatzea izan ziren alderdi horren proposamen nagusiak. Ana Azkoitia EAJko zinegotziak argudiatu zuen "zuhurtziaz" jokatu behar delako ez dituztela onartu proposamen horiek. Jose Joakin Etxaniz Azkoitia Baiko zinegotziak salatu zuen Udal Gobernua "gehiengo osoa" baliatzen ari dela eta ez duela gainontzeko alderdien iritzia kontuan hartzen. EH Bilduk, berriz, osoko zuzenketa aurkeztu zuen, eta Azkoitia Bairen babesa soilik jaso zuen; EAJk aurka bozkatu zuen eta PSE-EE abstenitu egin zen. Koalizioak zenbait partida jaistea eskatu zuen; aholkularitzara bideratutakoa, argitalpen zerbitzura bideratutakoa nahiz totem panelena, eta horrekin batera, skate parka ez egitea ere eskatu zuen. Horren ordez, berdintasunera eta ikastetxeen prebentziora bideratutako partida igotzea, Floreagako laugarren faseko igogailua egitea, eskualdeko komunikabideek kooperatiba sortzeko egindako eskaria onartzea eta elkarbizitza planari murrizketarik ez egitea eskatu zuen EH Bilduk. Koalizioa oso kritiko agertu zen Udal Gobernuaren jarrerarekin: "Inoiz ez dituzue aurrekontuak aho batez onartu, aurreko agintaldian gertatu zen bezala. Gutxi entzuten duzue", salatu zuen Gaizka LarraƱaga EH Bilduko zinegotziak. Alderdi sozialistak hainbat zuzenketa partzial aurkeztu zituen: hilerriko irisgarritsuna hobetzeko partida, gazteen alokairurako diru laguntzak handitzea eta San Jose egoitzara bideratutako partida igotzea eskatu zituen. Hiru proposamen horiek atzera bota zituen Udal Gobernuak, baina beste bat onartu zuten: liburutegian hizkuntza ezberdinetako liburuak eskaintzeko diru partida jartzea, hain zuzen ere. Aurrekontuak, sailez sail -Udalaren aurrekontu orokorra: 15.400.000 euro -Aurrekontu kontsolidatua: 15.673.327 euro Zubiaurre Elkargunea: 835.396, 44 euro San Jose egoitza: 68.300 euro Azkoitia Lantzen: 199.827 euro
Udalaren aurrekontua 2018 2019
Ogasuna eta pertsonala 5.638.375,99 5.908.542,19
Hirigintza 516.500 1.294.960,55
Kirolak eta festak 1.037.773,76 1.048.596,44
Kultura eta gazteria 1.018.100 1.097.100
Hezkuntza eta euskara 559.255 560.255
Gizarte ongizatea, berdintasuna, inmigrazioa 1.200.500 1.201.800
Alkatetza 45.000 42.000
Lan eta zerbitzuak 2.110.000 2.063.000
Udaltzaingoa 38.700 77.000
Ingurumena 1.572.000 1.756.250,15
Sustapen ekonomikoa 363.795,25 350.495,67
                 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide