Aurten 35 urte bete dira GALek Ramon Oñederra Kattu errefuxiatu azkoitiarra hil zuela, eta urtemugaren harira, hainbat ekitaldi egin dute egunotan. Atzo, igandea, XXXIV. Kattu xake memorialarekin amaitu zituzten aurtengo jarduerak. Guztira, 29 lagunek parte hartu zuten txapelketan, eta giro ederra nagusitu zen bertan. Nazioarteko lehia izan da aurtengoa; izan ere, Nikaraguako eta Brasilgo xakelari bana izan ziren atzo Azkoitian.
Zazpi itzuli egin zituzten memorialean, eta berdinketa hirukoitz batekin amaitu zen lehia. Sanchez, Larrañaga eta Valorrek puntuetan berdinduta amaitu zuten txapelketa, eta desenpatean erabaki zen lehia: azkenean, Hector Sanchez nagusitu zen. Joaquin Larrañaga sailkatu zen bigarren postuan, eta Carlos Valor hirugarrenean. Laugarren postua, berriz, Eduardo Gauche brasildarrak eskuratu zuen, Mikel Zubiarekin puntuetan berdinduta.
Memoriala amaitzean, ohi bezala, sari banaketa egin zuten Errexil jatetxean, Katturen senitartekoak eta Angel Martin zinegotzia bertan zirela.