Instalakuntza Duinak Orain! taldekoak eta udal ordezkariak, galdetegiekin. (Ihintza Elustondo)
Instalakuntza Duinak Orain! taldea aspalditik ari da Azkoitiko igerilekua eraberritzeko eskatzen. Duela urte eta erdi sortu zuten taldea, eta ordutik hainbat ekintza eman dute aurrera: batetik, egoera aztertzeko bideoak egin zituzten erabiltzaileekin, 2.091 sinadura bildu zituzten bi hilabete baino denbora gutxiagoan, txosten bat prestatu zuten egoera eta haren eboluzioa aztertuz eta herritarrekin bilera irekiak egin dituzte informazioa jasotzeko eta elkarbanatzeko.Taldeak azaldu du herritarren parte hartzea "garrantzitsua" izan dela beraientzat prozesuan zehar.
Bide horretan, agerraldia egin zuen atzo, osteguna, Instalakuntza Duinak Orain! taldeak, Azkoitiko igerilekuaren parean. Han jakinarazi zutenez, beste azterketa bat egiten ari dira orain, etorkizuneko igerilekuak nolakoa izan beharko lukeen ikusteko. Lehen aurkeztu zuten txostenaren osagarria izango da egiten ari diren azterketa; horretarako, hainbat talderekin bilerak egiten ari dira, eta galdeketa bat prestatu dute. Galdetegi horren helburua da herritarrek igerilekuaren hainbat ezaugarriren inguruan duten iritzia jasotzea da: besteak beste, irisgarritasuna, erabilpena, aldagelak… Modu horretan, gaur egun igerilekuak dituen hutsuneak identifikatuko dituzte, eta etorkizuneko igerileku berriak herritarren beharrak asetzeko nolakoa izan beharko lukeen ondorioztatuko dute.
Taldeko ordezkariek erabiltzaileak nahiz erabiltzaile izatea nahiko luketen 16 urtetik gorako pertsona guztiak animatu zituzten galdetegia betetzera. Elkarguneko sarreran eta igerilekuan bertan izango dira galdetegiak, eta betetakoan galdetegiak kutxetan sartu beharko dira. Gaurtik urtarrilaren 21era bitartean izango da horretarako aukera.
Martxan jarri berri duten azterketa udaleko alderdi guztiek babestu dute, horregatik izan ziren politikariak atzoko agerraldian. Hainbat bilera egin dute orain arte udalarekin, eta aurrerantzean ere hala jarraitzeko asmoa dutela adieazi zuten Instalakuntza Duinak Orain! taldeko kideek.
Oraindik, bide luzea
Oraindik luzea izango da bidea igerileku berria gauzatuta ikusi arte. Lehenik eta behin proiektua egin behar da, eta horretarako, 175.000 euro behar dira. 2020an Gipuzkoako Foru Aldundiak kirol instalazioetan berrikuntzak egiteko diru laguntzak aterako ditu, eta Goizane Alvarez Kirol Zuzendariarekin egin zuten bileran esan ziotenaren arabera, Azkoitiko igerilekuaren proiektua kopuru maximoa –600.000 euro– jasotzeko hautagaia izango litzateke, oinarriek berdin jarraituko balute. Gainera, proiektua gauzatzeko 1.538.073,35 euroko diru partida ezarri beharko da. Ondoren, obra lizitatzeko prozesua martxan jarri beharko da; eta, azkenik, obra gauzatuko da –horretarako gutxienez hemezortzi hilabete beharko dira–.
Instalakunta Duinak Orain! taldeko kideen arabera, denbora asko pasatuko da oraindik igerileku berria izan arte, baina udal talde guztien babesarekin lanean jarraituko dute, proiektua ahalik eta denbora gutxienean gauzatzeko. Horretaz gain, beste hainbat ekimen antolatuko dituzte egoera aztertu eta gero eta larriagoa den arazoa arintzeko asmoz.
Hona hemen galdetegia aurkezteko prestatu duten bideoa:
https://www.youtube.com/watch?v=qlZzVoXuE4E