Musika herrikoia eta garaikidea uztartuko dituzte biharko kontzertuan Zumaiako Udal Musika Bandak eta Zukan Hirukoteak

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko abe. 21a, 09:53

Zumaiako Udal Musika Bandak eta Zukan Hirukoteak emanaldia eskainiko dute bihar Zumaienako aretoan, 19:00etan

Argi eta garbi dio Zumaiako Udal Musika Bandako (ZUMB) zuzendari Joxe Mari Azkuek: larunbat arratsaldean ZUMBek eta Zukan Hirukoteak eskainiko duten emanaldia ez da Gabonetako kontzertua izango, nahiz eta Gabon garaiarekin bat egingo duen. «Kontzertu hau gehiago da gure programako saioa Gabonetakoa baino», dio ilusio puntu batekin. Izan ere, larunbat honetan musika herrikoitik garaikidera doan bidea egingo du Bandak, Azkueren zuzendaritzapean. Bidaia honetan Zukaneko hiru musikariak izango dituzte gidari lanetan. Jon Ansorenak (txistua), Gorka Catedianok (perkusioak) eta Maria Zubimendi zumaiarrak (akordeoia) osatzen dute Zukan Trio hirukotea. 2014an sortu zuten taldea, eta ordutik beraientzako espresuki sortutakohamabost bat obra estreinatu dituzte. «Ohituta gaude obrak estreinatzera», dio Ansorenak. «Trio honentzako ez zegoen errepertoriorik, eta sortu ginenean obra berriak eskatzen hasi ginen. Dagoeneko hamabost bat obra konposatu dizkigute, eta beste batzuk ere bidean ditugu». Bihar beste bi obra berri entzuteko aukera izango da Zumaian. Lehena Mikel Chamizok idatzi dien Arizkun izango da. «Arizkuneko inauterietan oinarritutako obra da». Bigarrena, eta biharko kontzertua amaitzeko erabiliko dutena, Jagoba Astiazaran Korta zestoarraren Errenka da. «Obra herrikoi batetik abiatu eta moldaketa eta orkestrazioa egin ditu». Lehen aldiz joko du Zukanek banda batekin, eta Zumaian izango da. «Euskal Herrian banden inguruko aberastasun handia dago, eta aukera handi hau sortu zitzaigun: Zumaiako Bandarekin jotzeko eta baita ere bi obra berri estreinatzeko», azpimarratu du Ansorenak. «Gure lana bada konpositoreei obrak eskatzea. Baina, hau da formazio handi batentzako egiten diguten lehen lana», gaineratu du. Azkuek azpimarratu du Zumaiako Bandak ere aurrez estreinatu izan dituela obra batzuk. «Nahiko obra herrikoiak ziren, eta moldaketa batzuk ere estreinatu ditugu». Errepertorioa Kontzertua 19:00etan hasiko da Zumaiena ikastetxeko aretoan. Zukanek hasiko du emanaldia Francisco Dominguezen Seis miradas sobre... obrarekin. Jarraian, Zukanek eta ZUMBek Chamizoren Arizkunjoko dute. Hurrengo hiru obratan Zukaneko partaideak bakarlari arituko dira Bandarekin: Ansorenak txistua joko du Xabier Zabalaren Irribarrean, Gorka Catedianok perkusioa Vittorio Montiren Czardasen, eta Maria Zubimendik akordeoia Astor Piazzollaren Oblivionen. Amaitzeko denek batera Astiazaran Kortaren Errenkajoko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide