LABeko delegatuek gaur egin duten kontzentrazioko irudia. (LAB)
Urola Kostako LAB sindikatuko hainbat delegatuk elkarretaratzea egin dute gaur, osteguna, Azkoitiko plazan,
Benantxio-Errota lapurra lelopean. Azkoitiko Kortazar kafetegiko jabeak egindako kontratuak salatu eta hango langileei babesa eskaini nahi izan diete kafetegiaren parean egin duten kontzentrazioarekin.
LABek azaldu duenez, ez da egun batetik bestera antolatutako mobilizazioa izan gaur egin dutena; izan ere, sindikatuaren arabera, aspalditik dakite kafetegia sartuta dagoen enpresa sareak erabiltzen dituen "metodoen" berri. "2014an, Errota Txiki enpresa jabetzan zuen Benantxio Etxabe jaunak, eta bertako langile multzo handi bati soldatak ordaintzeari utzi zion. Hilabeteetan lanera joan eta kobratu gabe egon ondoren, enpresa konkurtsoan sartu zen. Langileak kalean geratu ziren, zor zitzaien dirua ordaindu gabe".
Ordutik lau urte igaro dira, eta LABek esan du ohitura "berekin" segitzen duela Errota enpresaren jabeak. "Langileei ez dizkie soldatak ordaindu, lanean kontratutik gabe eduki ditu beharginak, nahi duenean besterik gabe kaleratzen ditu...". Sindikatuaren arabera, hori da "bere enpresa sarea" kudeatzeko duen "modua": "Enpresa ezberdinez osatutako sarea osatu du, eta familia erabiltzen du bera nagusi bezala ez azaltzeko eta horrela enpresak (batez ere okindegiak) nahi dituenean irekitzeko eta ixteko".
LABek horrelako jarrerak ez dituela onartuko esan du, eta hori argi uzteko eta "aurrean" izango dituela adierazteko egin dute gaurko elkarretaratzea. "Langileen esplotazioa eta lapurreta bideratzen duen ororen aurrean jarriko gara, eta kasu honetan Benantxiori adierazi nahi diogu, epaiketetan ez ezik, kalean ere ikusiko gaituela".