Idiakez Ederra etxea. (Azkoitiko Udala)
Azkoitiko
Idiakez Ederra etxeak edo Nagusia 80 eraikinak urteak daramatza aldamioen azpian ezkutatuta, baina Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, egitura metaliko hori desagartzeko bidean da. Egun, etxea hustuta dago barrutik;
408 tona hondakin atera zituzten bertatik. Visesa sozietate publikoak hamasei Babes Ofizialeko Etxebizitza eraikiko ditu bertan, eta uneotan, proiektua lantzen ari da. Alazne Ochandiano eta Mikel Landa arkitekoak ari dira lanean; udalaren arabera, egurrezko ondarearen zaharberritzean "espezialistak" dira horiek.
Proiektuaren nondik norakoak abenduaren 21ean azalduko dizkiete Visesak eta Azkoitiko Udalak herritarrei. Elkargunean izango da aurkezpen ekitaldia, 19:00etan hasita. Aurkezpenaz Landa eta Ochandiano arkitektoak arduratuko dira: eraikinaren historia, gaur egungo egoera eta haren etorkizuna azalduko dituzte xehetasun osoz. Etorkizun hurbilean Idiakez Ederra etxeak kanpotik eta barrutik hartuko duen itxura zein izango den azalduko dute.
Adituen iritziz, egin beharreko obra "oso konplexua eta delikatua" izango da, "eraikina berezia eta babestutakoa" delako. Aragoiko mudejar estilokoa da, eta halako gutxi daude inguruotan.