KRITIKA: Laboarekin dantzan

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko abe. 9a, 10:48

Dabadaba aretoan emandako kontzertuaren une bat (Juan Luis Romatet)

Ostiralean, abenduak 6, Donostiako Dabadaban kontzertua eman zuen Delorean talde zarauztarrak. Taldea azken zuzenekoak ari da eskaintzen, utzi egingo baitute laster. Kontzertu horretan izan zen Juan Luis Romatet kazetaria, eta hona, emanaldiari iritzi ziona.

Kritika:

"Delorean laukotea bere ibilbide luzearen azken txanpan sartu da. Orain hilabete gutxi iragarri zuen 18 urteko abentura amaitzear zela. Aparailuak deskonektatu aurretik, baina, agurreko kontzertu batzuk emango zituztela ere adierazi zuten zarauztarrek.

Berez, atzo Donostiako Dabadaban emandakoa iragarpen horren aurretik lotuta zegoen. Azken kontzertu txanda 2019. urte hasieran eskainiko dute. Hau izan zen, ordea, Mikel Laboaren proiektua zuzenean entzuteko azken aukeretako bat, Ekhi Lopetegi taldekideak esan zuen bezala. Azkena abenduaren 30ean emango dute Iruñeako Baluarten, eta Oreka TX izango dira beraiekin agertoki gainean.

Aukeratutako egunagatik, edo, agian, askok taldea zuzenean berriro ikusteko aukerarik izango ez dutelako, gainezka zegoen Egia auzuneko aretoa. Sarrerak aurrez agortuta zeuden eta, aspaldi ez bezala, ilara luzea sortu zen atean. Interesa zegoela agerian geratu zen.

Hau idazten duenak hirutan ikusi du Laboaren proposamena zuzenean, eta hirurak desberdinak izan dira. Lehena Donostia 2016 haren baitan izan zen, Pasaiako Albaola ontziolan. Proiektua oraindik lehen urratsetan zegoen eta kontzertu nahiko abstraktua izan zen. Laboaren pisua handiegia zen, agian. Mikel Laboa diskoa atera eta berehala Hernanin emandako kontzertura ere hurreratu ginen, eta emanaldia ona izan zen arren, diskoaren oso parekoa eta nahiko hotza izan zen. Urtebete igaro da ordutik eta proiektua jada ondo barneratuta dute zarauztarrek. Atzokoa Deloreanen kontzertua izan zen, Laboa abiapuntu bezala hartuta, baina, esan bezala, Deloreanena.

Diskoa hartu zuten oinarri bezala, baina kanpoan geratu ziren abestiak ere jo zituzten zuzenean. Baga-biga-higa ilun eta intentsua eta Haika mutil koral-gitarreroa dira horren adibide. Aparailu elektronikoekin sortutako erritmo eta melodien gainean entzuten zen Antiguoko genioaren sanpleatutako ahotsa. Klub batean zeudelako edo, eta ez antzoki batean, erritmo dantzagarriei garrantzia handiagoa eman zieten atzo, eta entzulegoa saltoka hasi ez bazen ere, izan zuen bizkarrezurra mugitzeko aukera. Kantuz zoragarri batekin agurtu zuten gaua.

Atzokoan ikusi bezala, Laboaren proiektua bizirik dago. Lastima taldea bere azken geltokietara heltzen hasia dela".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide