Edukiontziak Azkoitian. (Ihintza Elustondo)
Hondakinen gaikako bilketan aurrerapausoak ematen jarraitzeko,
Ondo goaz, hobetu dezagun sentsibilizazio kanpaina jarri dute martxan Azkoitiko Udalak eta Urola Erdiko Mankomunitateak elkarlanean. Kanpaina, batez ere, hondakin organikoei zuzenduta dago, eta herritarrek hondakin horiek behar bezala bereiztea izango da helburua. Kanpainaren barruan, eskuorriak banatuko dituzte etxeetara, eta bandoak ipiniko dituzte ezkaratzeetan; gainera, informazio puntua jarriko dute egun jakin batzuetan herriko plazan.
Udalak azaldu duenez, beren nahia "beti izan da egunetik egunera gaikako datuak igotzen joatea", horrek erakusten duelako "herritarrak egiten ari diren ahalegina". Udalarentzat "benetan txalotzekoa, zoriontzekoa eta eskertzekoa" da haien ahalegina. Horregatik, udalak herritarrak bide beretik jarraitzera animatzen ditu, eta "ahal den heinean, zuzendu beharrekoa zuzentzera".
Udalaren arabera, ohiko akatsetako bat da organikoa edukiontzira poltsa biodegradagarrietan bota beharrean, edozein plastikozko poltsatan botatzea. Horregatik, Azkoitian poltsa biodegradagarriak honako saltoki hauetan doan eskura daitezkeela gogorarazi du udalak: Odazpi kafetegian (Anaitasuna plaza,1), Elurre kafetegian (Julio Urkixo 20), Lujan kioskoan (Kale Nagusia 72) eta Amalur bideo dendan (Julio Urkixo 13).
Hildako animaliak
Noiz edo noiz, hildako animaliak, larrua, tripak edo lumak agertu izan dira organikoaren edukiontzietan, eta udalak gogorarazi du hori ez dela zuzena. Gipuzkoako Foru Aldundia arduratzen da hildako animaliak jasotzeaz, 943-15 76 83 zenbakira deituz gero. Gainontzeko hondakinak, berriz, edukiontzi grisera bota behar dira.
Hondakinen gaikako bilketaren inguruan herritarrek izan ditzaketen galderak edo zalantzak argitzeko, informazio gunea jarriko dute azaroaren 29 arratsaldean eta abenduaren 1, 15 eta 22 goizean, Azkoitik plazan.