Danbor hotsek alaitu dituzte Azkoitiko kaleak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko aza. 25a, 10:43

San Andres jaietako egitarauaren barruan, helduen danborrada egin dute Azkoitian. Ia 500 danbor jotzaile atera dira kalera, eta giro ederra nagusitu da. Azaroaren 25aren harira, aldarriak hartu du plaza.

Danbor hotsek hartu zituzten atzo gauean Azkoitiko kaleak. Izan ere, San Andres jaien barruan, helduen danborrada egin zuten. Ia 500 danbor jotzaile atera ziren kalera, eta giro ederra nagusitu zen herrian. Aurten, gainera, talde berri bat izan da desfilean: hain zuzen ere, Aldapa taldea. Talde berri horrekin, hamar talde izan ziren guztira danborradan: Napoleonak, Pilotariak, Ixkiturri elkartea, Presoen Aldeko taldea, Floreagako gurasoak, Floreagako ikasle ohiak, Xabier Munibeko gurasoak, Xabier Munibeko ikasle ohiak, Txintxarri lokala eta Aldapa lokala. 22:00etan hasi zen danborrada, Gurea frontoi aurretik, eta herriko plazan, Balda plazan eta Julio Urkixo kalean ohiko geldialdiak egin ondoren, Gurean bukatu zuten ibilbidea. 00:00etan, plazan talde guztiak elkartu ziren, eta hainbat abesti jo zuten bertan. Une horretan, azaroaren 25aren harira –gaur Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna da–, zenbait mezu irakurri ahal izan ziren plazan: emakume batzuek mezudun kartelak izan zituzten eskuetan plazako piezak amaitu bitartean. [flickr_set id="72157703918703914"]

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide