Aldapa taldeko gazteekin, hamar talde izango ditu aurten Azkoitiko helduen danborradak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko aza. 22a, 12:24

Etzi egingo dute, 22:00etan hasita, eta ia 500 lagunek hartuko dute parte sanandresen aurreko asteburuaren hitzordu nagusian.

Aldapa lokaleko kideak Andramari jaietan. (Azkoitiko Udala) Asteburuan hasiko dira Azkoitian aurtengo sanandresak ospatzen. Etzi, larunbata, egingo duten helduen danborrada izango da jaien hasierako hitzordu nagusia, eta berrikuntzekin dator danbor festa. Talde berri bat estreinatuko da festan, Aldapa lokaleko gazteena; 40 bat lagun irtengo dira talde berrian, lokalekoen elastiko horiak soinean dituztela. Aldapakoekin, hamar dira Azkoitiko helduen danborradan parte hartuko duten taldeak: Napoleonak, Pilotariak, Ixkiturri elkartea, Presoen Aldeko taldea, Floreagako gurasoak, Floreagako ikasle ohiak, Xabier Munibeko gurasoak, Xabier Munibeko ikasle ohiak, Txintxarri lokala eta Aldapa lokala. Guztira, ia 500 herritarrek parte hartuko dute larunbat gaueko kalejiran. 22:00etan hasiko da danborrada, Gurea frontoi aurretik; herriko plazan (bitan), Balda plazan eta Julio Urkixo kalean ohiko geldialdiak egin ondoren, Gurean bukatuko dute ibilbidea aurten ere. Egitaraua Danborrada ez da izango, ordea, San Andres festen lehen bi egunetako hitzordu bakarra. Hau da Azkoitian astebururako prestatu duten egitaraua: Etzi, larunbata - 10:00. San Andres plater tiraketa, Izarre Jandalo zelaian, Orion elkarteak antolatuta. - 16:00. Haurrentzako San Andres Igeri Saria Elkargunean, Zubiaurre Igeri Elkarteak antolatuta. - 16:30. XIV. Herri Lasterketa, herriko plazatik abiatuta, Azkoitia-Azpeitia Raka Maraton elkarteak antolatuta. - 22:00. Danborrada, herriko kaleetan zehar. Igandea, azaroak 25 - Goizean zehar, Azkoitiko baserrietako produktuen erakusketa eta salmenta, herriko plazan. - Goizean zehar, bolillo edo eho-ziri lanen erakustaldia, Kontzejupean. - 11:00. Garapenean Bidelagun azoka, herriko plazan. - 12:00 Herri kirolekin lotutako ekintzak haurrentzako, Goiko Losan. - 12:00 Bizkargi musika eskolako dantzariak, Xabier Munibe eta Floreaga ikastetxeetako Kandiola dantza taldeak eta Txalkor txistulari taldea, herriko kaleetan zehar.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide