Izarraitz Lanbide Heziketak hiru ikastaro eskainiko ditu langabetuentzat

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko aza. 12a, 11:31

Lanbidek diruz lagundutako ikastaroak izango dira. Mendeko pertsonei arreta ematen irakatsiko dute horietako batean, mekanizazioaren ingurukoa izango da bestea, eta soldadura lantzen duena hirugarrena. Izen ematea zabalik dago jada.

Izarraitz Lanbide Heziketako irudi bat. Azkoitiko Izarraitz Lanbide Heziketak langabezian dauden pertsonei zuzendutako ikastaro sorta eskainiko du. Lanbidek finantzatutako ikastaroak dira, eta udalen, Iraurgi Berritzenen eta kontratatzeko konpromisoa hartu duten bailarako enpresen laguntzari esker lortu dute ikastaro horiek eskaintzea. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailari eskatu zieten langabetuentzat ikastaroak jartzeko, eta aurrerantzean ere bide beretik jarraituko dute. Oraingoan, hiru ikastaro eskainiko dizkiete langabetuei; abenduaren 3an hasiko dira saioak, eta gainditzen dutenek Lanbide Ziurtagiria eskuratuko dute. Mendeko pertsonei gizarte erakundeetan gizarte eta osasun arreta ematea, Txirbil-harroketa bidezko mekanizazioa eta Elektrodo estalizko eta TIG bidezko soldadura izango dira eskainiko dituzten ikastaroak. %50ak lan kontratua izango du. Mendeko pertsonei arreta emateko ikastaroaren formakuntzaren atalak 370 orduko iraupena izango du, eta beste 80 ordu enpresako praktikak izango dira. Mekanizazioko ikastaroaren kasuan, formakuntza orduak 540 izango dira eta beste 80 praktika orduak; soldadura ikastaroa, berriz, 640 ordukoa da eta 40 praktika ordu izango ditu. Ikastaroak maiatzean, ekainean eta uztailean amaituko dira hurrenez hurren. Ikastaroen plaza kopurua mugatua da, eta izen-ematea zabalik dago jada. Lanbideren bulegoetan edo www.lanbide.euskadi.eus webgunearen bitartez eman daiteke izena. Informazio gehiagorako honako telefonora deitzea da egokiena: 943-85 21 74.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide