Azkoitiko San Jose egoitzan Adinduen Astea ospatuko dute datorren astean

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko aza. 9a, 11:54

Azaroaren 13tik 18ra bitartean hainbat ekintza egingo dute, pertsona nagusiek gizarteari egiten dioten ekarpena aitortzeko helburuarekin. Aurten, lehen aldiz, Boluntarioen Eguna antolatu dute.

Bizkargi musika eskolako ikasleak Azkoitiko San Jose egoitzan. Azkoitiko San Jose egoitzan Adinduen Astea ospatuko dute datorren astean, hau da, azaroaren 13tik 18ra bitartean. Pertsona nagusiek gizarteari egiten dioten ekarpena aitortzea du helburu egitasmo horrek, egoiliarren esperientzia, balioak eta ematen duten eredua aintzat hartuta. Aurtengo edizioan izango da berrikuntzarik; lehen aldiz, Boluntarioen Eguna antolatu dute. Egun horretan, egoiliarrei laguntzera eta konpainia egitera joaten diren boluntarioak haiekin batera afaltzera joango dira; larunbat gauean egingo dute hori. Horrez gain, aste osoan jasoko dituzte bisitak egoiliarrek: Floreaga ikastetxeko, Xabier Munibe Ikastolako eta Azkoitia BHIko ikasleak joango dira San Jose egoitzara, eta Bizkargi musika eskolako eta Txalkor txistulari elkarteko kideak ere bertan izango dira giroa alaitzen. Bisitez gain, XXVIII. Seiko Urre Txapelketa, txokolatada eta bingoa izango dituzte Adinduen Astean. Edizioari amaiera emateko, asteburuan ere hainbat ekintza egingo dute. Larunbatean, afalorduan, Iñaki Basabe abeslaria arituko da bere gitarrarekin, eta igandean, Sendiaren Eguna ospatuko dute. Javier Zubizarreta alkatea eta Nekane Larrañaga zinegotzia bertan izango dira egoiliarrei opariak banatzen, senitartekoekin hamaiketakoaz gozatzen duten bitartean. Ondoren, egoiliarrekin egingo dute bazkaria. Hona hemen Adinduen Asteko egitaraua: Azaroak 13, asteartea. 16:00etan txokolatada, eta 16:30ean Floreaga ikastetxekoen bisita. Azaroak 14, asteazkena. 16:30ean, Seiko Urre Txapelketa. Azaroak 15, osteguna. 16:30ean, Xabier Munibe Ikastolakoen eta Azkoitia BHIkoen bisita. Azaroak 16, ostirala. 16:00etan txokolatada, eta 16:30ean bingoa. Azaroak 17, larunbata. Boluntarioen Eguna. 16:30ean Bizkargi musika eskolakoen bisita, eta 19:30ean Iñaki Basaberekin afari girotua. Azaroak 18, igandea. Sendiaren Eguna. 10:00etan Txalkor txistulari taldea, 11:00etan meza, 12:00etan hamaiketakoa eta opari banaketa, eta 13:30ean bazkaria.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide