Ez dute onartu Azkoitiko EH Bilduk pentsioen inguruan aurkeztutako mozioa

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko aza. 1a, 15:11

Premia larrienean dauden pentsiodunen pentsioak osatzeko diru laguntza sortzea eskatu du koalizioak, eta proposamena ez da aurrera atera, EAJren eta PSE-EEren aurkako botoekin. Azkoitia Bai abstenitu egin da.

Azkoitiko udalbatza, atzoko osoko bilkuran. (Ihintza Elustondo) Joan den astean jakinarazita bezala, Azkoitiko EH Bilduk pentsioen inguruko mozioa aurkeztu zuen atzoko udalbatzarrean. Mozioaren bidez, bi neurri onartzeko eskatu zion koalizioak udalbatzari: alde batetik, pentsiodunen aldarrikapenak babestea eta publikoki beraiei adieraztea; eta, bestetik, premia larrienean dauden pentsiodunen pentsioak osatzeko diru laguntza sortzeko partida jartzeko konpromisoa hartzea. Mozio hori dela eta, zortzi bat pentsiodun joan ziren atzoko osoko bilkurara. Iraitz Otaño EH Bilduren bozeramaileak irakurri zuen mozioa atzoko saioan, eta Nekane Larrañaga EAJren zinegotziak erantzun zion bere alderdiak ez zuela babestuko proposamena, nahiz eta "bat egiten" duten pentsioak igotzeko aldarrikapenarekin. Haren arabera, eskaera ez zen "forma aldetik egokia", eta zenbait errespetu falta ageri ziren bertan; "lapurrak" edo "gezurtiak" bezalako hitzak, besteak beste. Horrez gain, nabarmendu zuen mozioak ez zuela errealitate osoa jasotzen. Ana Azkoitia EAJren zinegotziak hartu zuen hitza segidan, eta hark azaldu zuen pentsioak osatzeko partida bat jartzea ez dela udalaren eskumena: "Zeregin hori Madrili dagokio". Gainera, adierazi zuen diru laguntza berri bat sortzea "oso konplexua" dela, eta une honetan ez daudela horretarako "prestatuta". "Pentsioa osatu ezin da egin, beste gauza bat da premia larrian dagoenari laguntza batzuk ematea", erantsi zuen. Horren harira, kezkaren bat duen edozein herritarrek udaletxeko gizarte langilearengana jo dezakeela gogorarazi zuen. Jose Joakin Etxaniz Azkoitia Baiko zinegotzia abstenitu egin zen bozketan. Hark azaldu zuen, mozioak osoko bilkuretan eztabaidatu ordez, batzordeetan aztertzea nahiago duela. "Mozioak baino nahiago dugu elkarlana", adierazi zuen. Janire Igoa PSE-EEko zinegotziak, berriz, mozioaren aurkako botoa eman zuen. Mozioa ez zela onartu ikusita, pentsiodunek alde egin zuten atzoko osoko bilkuratik.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide